• eu
  • es

Mozio arrunta errausketak osasunean duen eraginari buruzkoa

Donostiako Erraustegiaren proiektuak gero eta protesta eta kezka handiagoak sortzen ditu gizartean. 2016ko maiatzaren 29an, ia hamar mila herritarrek giza katea osatu zuten Miramongo Onkologikoaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiko jauregiaren artean, proiektu hori Gipuzkoako familien osasunaren kostuz inposatzea salatzeko. Gipuzkoa Zutik izeneko talde batek pare bat aste darama Donostian kanpatuta, egunero ehunka lagun biltzen dituzten mobilizazioak eta protesta ekitaldiak egiten hainbat gairen inguruan. Besteak beste, erraustegia geldiarazteko erreibindikatzen ari dira.

Nazioarteko komunitate zientifikoaren hainbat azterketak gizartearen kezka eta protesta hori bermatzen dute. Doktore eta ikertzaile adituek (Ashworth DC, Elliott P, Toledano MB, Candela S, Ranzi A, Bonvicini L, Baldacchini F, Marzaroli P, Evangelista A, Luberto F, Carretta E, Angelini P, Sterrantino AF, Broccoli S, Cordioli M, Ancona C, Forastiere F, Giorgi Rossi , Porta D, Milani S, Lazzarino AI, Perucci CA, , Fano V, Erspamer L, Lauriola P, Badaloni C, Mataloni F, Bolignano A, Bucci S, Cesaroni G, Sozzi R, Davoli M, Viel JF, Floret N, Deconinck E, Focant JF, De Pauw E, Cahn JY, García-Pérez J, Fernández-Navarro P, Castelló A, López-Cima MF, Ramis R, Boldo E, López-Abente G, Warner M, Mocarelli P, Samuels S, Needham L, Brambilla P, Eskenazi B…) hainbat ikerketa artikulu argitaratu eta izenpetu dituzte errausketak gizakien osasunean duen eraginari buruz ohartarazteko. Hauek aipa daitezke:

  • Waste incineration and adverse birth and neonatal outcomes: a systematic review. Environ Int. 2014 Aug;69:120-32. doi:10.1016/j.envint.2014.04.003. Epub 2014 May 12. Review. PubMed PMID: 24831282
  • Air pollution from incinerators and reproductive outcomes: amultisite study. Epidemiology. 2013 Nov;24(6):863-70. doi:10.1097/EDE.0b013e3182a712f1. PubMed PMID: 24076993.
  • Exposure to emissions from municipal solid waste incinerators andmiscarriages: a multisite study of the MONITER Project. Environ Int. 2015May;78:51-60. doi:10.1016/j.envint.2014.12.008. Epub 2015 Mar 10. PubMed PMID: 25765761.
  • Systematic review of epidemiological studies on health effects associated with management of solid waste. Environ Health. 2009 Dec 23;8:60. doi: 10.1186/1476-069X-8-60. Review.PubMed PMID: 20030820; PubMed Central PMCID: PMC2805622
  • Mortality and morbidity among people living close to incinerators: a cohort study based on dispersion modeling for exposure assessment. Environ Health. 2011 Mar 24;10:22.doi: 10.1186/1476-069X-10-22. PubMed PMID: 21435200; PubMed Central PMCID:PMC3072932.
  • Mortality and morbidity in a population exposed to multiple sources of air pollution: A retrospective cohort study using air dispersion models. Environ Res. 2015 Feb;137:467-74. doi:10.1016/j.envres.2014.10.036. Epub 2015 Feb 18. PubMed PMID: 25701728
  • Increased risk of non-Hodgkin lymphoma and serum organochlorine concentrations among neighborsof a municipal solid waste incinerator. Environ Int. 2011 Feb;37(2):449-53. doi: 10.1016/j.envint.2010.11.009. Epub 2010 Dec 16. PubMed PMID: 21167603
  • Cancer mortality in towns in the vicinity of incinerators and installations for the recovery or disposal of hazardous waste. Environ Int. 2013 Jan;51:31-44. doi: 10.1016/j.envint.2012.10.003. Epub 2012 Nov 13. PubMed PMID:23160082.
  • Dioxin exposure and cancer risk in the Seveso Women’s Health Study. Environ Health Perspect. 2011 Dec;119(12):1700-5. doi: 10.1289/ehp.1103720. Epub 2011 Aug 2.PubMed PMID: 21810551; PubMed Central PMCID: PMC3261987.

Bereziki aipatzekoa da ospe handiko Carlos III institutuak 2012an argitaratu zuen azterketa. Izan ere, bertan ondorioztatzen denez, “Estatistikoki arrisku handiagoa dago, bai gizonentzat bai emakumeentzat, minbiziak (urdailekoa, biriketakoa, pleurakoa, giltzurrunekoa eta obulutegikoa) jota hiltzeko erraustegietatik 5 km‑ko erradioan dauden hirietan.” Duela gutxiko azterketek, alabaina, 10 km‑ko erradioaz hitz egiten dute, eta ingurumen inpaktuaren adierazpenak berak ezartzen du Donostiako udalerria Artzabaletako Erraustegiaren proiektuaren eraginpeko eremuan dagoela.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Biodonostiaren artean izenpetutako hitzarmenari dagokionez, herritar askok galdetzen dio bere buruari: “errausketa osasunerako hain segurua bada, zergatik erabaki du Aldundiak herritarrekin azterketa epidemiologikoa egitea laborategiko proba bat izango balitz bezala?” Batez ere analisi horiek funtzionatzen ari diren instalazioetan oinarrituta egin litezkeela kontuan hartzen badugu. Horixe eskatzen zuten UPV/EHUk (2011) eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak (2014) Zabalgarbiri buruz egin zituzten azterketek. Ondorioztatu zuten ikertzen jarraitu behar zela emaitza erabakigarriak eta fidagarriak lortzeko, Osasunaren Mundu Erakundeak ezartzen duen ildo berean, gisa horretako azterketetarako gutxienez 10 urteko esposizioa eta ikerketa behar dela ezartzen baitu. UPV/EHUk 2011n Zabalgarbiri buruz egindako azterketak ondorioen atalean adierazten duenez, “azterketaren zati bakoitzak oraindik ez du aukerarik ematen haien arteko ondorio edo lotura zehatzik ezartzeko, halakorik baldin badago behintzat; hurrengo urteetako azterketaren xedea izango da hori”. Adierazten du, halaber, heriotza tasaren azterketa ardatz hartzen duen III. zatiak jarraipen denbora luzeagoa behar duela ondorio fidagarrietara iritsi ahal izateko, azterketa 3 urteko aldian besterik ez baitzen egin. Osasun Sailak hiri hondakinen errausketari eta osasunari buruz egindako azterketak egin diren beste azterketa batzuk aipatzen ditu: “Ikerketa horien emaitzek nolabaiteko erlazioa erakusten dute aipatu instalazioetako jaulkipenen eta sortzetiko malformazio, garapeneko asaldu eta minbizi mota batzuen artean”. Gainera, Biodonostiarekiko hitzarmena arnas eritasunen azterketara mugatzen da eta gehienez ere 6 urtez besterik ez, baina errausketaren inguruan aipatzen diren eritasunak bestelakoak dira eta larriagoak gainera. Hortaz, ulertzekoa da herritarrak gero eta kezkatuago egotea. Eta Biodonostiarekiko hitzarmenaren testua eskuraezina izateak areagotu egiten du kezka hori.

Kezka alarma bihurtzen hasi da jakin denean Madrilgo 49. Epaitegiak izapidetzeko onartu duela minbiziak jotako 36 pertsonak hiriburuko aldirietan kokatutako Valdemingómezko erraustegiaren aurka jarritako salaketa, eta Madrilgo Erkidegoko Ingurumen kontseilari ohia inputatu duela 2008. urtean erraustegiari Ingurumen Baimen Integratua eman ziolako. Errausketaren ondorioekin kezkatuta dauden gurasoen “GuraSOS” taldea sortu izana ere alarma horren froga da.

Gainera, 25 medikuk eta osasunaren esparruko profesional aktibok baino gehiagok osatzen duten Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeak (GEIS-OEIT) hainbat urte darama errausketak osasunean dituen ondorioei buruz ohartarazten. Izan ere, 2016ko otsailean luzamendua eskatu zuten Zubietako erraustegiaren eraikuntzan, baita izan litezkeen aukerei buruzko “balorazio serioa” egiteko eskatu ere. Duela gutxi gogorarazi dutenez, gainera, “orain dela bi hilabete bilera eskatu genien, publikoki eta pribatuki, bai Markel Olano Diputatu Nagusiari baita Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuari ere, eta ez dugu ulertzen nola den posible oraindik erantzun ez izana”. Erakundeen jarrerak erakusten duen elkarrizketarik eza eta itxikeria kezkagarria da behinik behin.

Bestalde, zenbait talde ekologistak eta, zehazkiago, Zero Waste Europe sareko kide den bertako Zero Zabor taldeak, erraustegia sortzea eta hondakinak murrizteko helburuak bateraezinak direla ohartarazten dute. Erraustegi batek erregaia behar du gutxieneko eraginkortasuna izango badu. Hori ez dator bat, inondik ere, hondakinak murrizteko, gehiago berrerabiltzeko eta birziklatzeko Europako helburu garbiekin eta ekonomia zirkularraren asmo handiko estrategiekin. Horren erakusgarri dira European Environmental Bureau erakundearen errausketari buruzko jarrera kritikoa eta Danimarkaren estrategia berria, gehien errausten duten herrialdeetako batena; 2013an aurkeztu zuen hondakinak kudeatzeko politika berria: “Danimarka hondakinik gabe – gehiago birziklatu, gutxiago erraustu” (http://eng.mst.dk/media/mst/Attachments/Ressourcestrategi_UK_web.pdf). Planteatutako neurrietako bat errausketaren ordez hondakinak bereizteko, biogasa baliarazteko eta konpostatzeko instalazioak ezartzean datza. Auken ministroaren hitzetan: “Danimarkan gure etxeko zaborraren ia % 80 erraustu dugu. Horrek energia produkzioari ekarpen garrantzitsua egin badio ere, beste moduren batean birziklatu ahal izango ziren materialak eta baliabideak galdu egin dira. Orain aldatu egingo dugu hori”.

Hemen azaldutako guztia dela eta, uste dugu despolitizatu egin behar dela errausketak osasunean duen eraginaren eta zero hondakineko helburuen gaia, eta teknikoki aztertu Ikerketa Batzorde batean, jarrera alderdikarien injerentziarik gabe.

Ildo horretan, honako mozio hau aurkezten dugu EH Bildu eta Irabazi Donostia udal taldeok:

MOZIO ARRUNTA

  1. Donostiako Udalbatzak hertsatuki eskatzen die Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Hondakinen Kontsortzioari (GHK), Donostian kokatu nahi den Hondakinak Kudeatzeko Zentrala lizitatu baino lehen, errausketak gizakien osasunean eta ingurumenean izan ditzakeen arriskuak eta eraginak aztertzeko Ikerketa Batzordea sor dezaten, Udalaren ordezkaritza izango duena.
  2. Ikerketa Batzordeak ondorioztatzen badu errausketak gizakien osasunaren eta ingurumenaren gaineko ondorio kaltegarriak dituela, Donostiako Udalbatzak hertsatuki eskatzen die Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Hondakinen Kontsortzioari (GHK) Donostiako Erraustegiaren proiektuan atzera egin dezaten eta hondakinak tratatzeko ordezko bideen alde egin dezaten.
  3. Halaber, Ikerketa Batzordeak aztertuko du errausketa zenbateraino den bateragarria Europako zero hondakineko helburuekin eta ekonomia zirkularrarekin.

Bosketa:

IRABAZI, EH BILDU: Alde

PP, PSE, PNV: Kontra

(argazkiaren jatorria: ordiziako ahotsa)

0