• eu
  • es

Alokairuko etxebizitzaren gaineko kontrol mozioa

Batzordean ere esan genuen eran, gaur egungo arazo nagusietako bat da etxebizitzarena; are gehiago Donostian eta horrelako hirietan, ez baitu alferrik esparru horretan Estatuko hiririk garestienetako bat izatearen zoritxarreko errekorra, nola erosteko hala alokatzeko.

Hala, batzordean izan genuen bileran, udal gobernuari galdetu genion zer gestio egin duen gobernu programan hirian alokairua sustatzeko zituen proposamenen inguruan. Izan ere, neurri batzuk jarrita baitzeuzkaten gobernu programan, Etxegintzaren bitartez egiteko: hala nola etxebizitzen trukea errazteko zerbitzu bat martxan jartzea, “Alokabide” programarako etxebizitza gehiago lortzea edo alokairuko etxebizitza eskatzaileen zerrenda bakarra osatzea.

Era berean, Udal Programak beste administrazio publiko batzuekin gestioak egitea aurreikusten zuen, haien jabetzako zenbait eraikin, une honetan erabiltzen ez direnak (adibidez, Polizia Nazionalaren garai bateko etxeak edo Iraleren eraikina, Larratxon dena) etxebizitza moduan egokitu ahal izateko. Enrique Ramos zinegotzi eskuordedunak eman zizkigun erantzunetatik atera daitekeen ondorioa da, ordea, gobernu programan jarritako ekintza bat bera ere ez dela egingo.

Legealdi honetan neurri horiei buruz galdetu dugunetan, berriz, erantzuna beti izan da neurri horiek jartzeko lanean ari zirela. Gainera, orain dela bi urte baino gehiago Udalbatzak txosten bat egitea onartu zuen Etxegintza entitate publikoa Alokabide programarako etxebizitza gehiago lortzeko egiten ari zen gestioei buruz, baina oraindik ez dakigu ezer.

Donostiako Etxegintza udal baltzuan, ordea, 33.306 pertsona daude izena emanda (34 urtekoak, batez besteko adina atera ezkero), alokairuko etxebizitza bat eskatzeko. Etxebizitza bat alokairuan hartzeko dauden prezio garestiak eta dagoen lan prekarietatea kontuan hartuz gero, bistan dago jendeak etxebizitza bat eskuratzeko modua izatea aurren-aurreneko lana izan behar lukeela edozein gobernurentzat, eta oraindik eta gehiago etxebizitza izateko eskubide subjektiboa aitortzen duen lege bat izanez gero, Euskadin dugun bezala.

Guk uste dugu behar-beharrezkoa dela erakunde publikoek herritarrek etxebizitza bat eskuratzeko modua izatea bermatzeko hartu behar diren neurriak hartzea, eta pentsatzen dugu neurri horietako bat alokairu prezio gehienezko batzuk jartzea izan daitekeela.

Hori dela eta, hauxe da gure

KONTROL MOZIOA

  1. Donostiako Udalbatzak hertsatuki eskatzen dio udal gobernuari azterketa bat aurkezteko urtea bukatu baino lehen, hirian alokairuen prezio gehienezko batzuk izatea arautzeko neurri batzuk jartzearen gainekoa.
0