• eu
  • es

Gizarte kontseiluari turismo ostatuen bilakaerari buruz informatzearen gaineko kontrol mozioa

Hirian gero eta hotel gehiago daudela ikusten ari gara, erritmo esponentzialean gainera. Hiru hotel zabaldu dira uda honetan (Lasala, Room Mate eta Intur); aldi berean beste lau proiekturen berri izan dugu: Villa Eugenia, Vastameroli jauregia (San Martin eta Hondarribia kaleak gurutzatzen diren izkinan), eta San Ignacio eta Hermano Garate egoitzak. Horiei guztiei legealdian ireki direnak eta oraindik ere aztertzeko bidean direnak gehitu behar zaizkie, hala nola Illunbe kalekoa eta Satrustegi hiribidekoa.

Etengabeko turismo oldearen areagotzeak eta horren ondorioz hirian hotelak gehitzeak ondorio sozial nabarmenak dakartza:

  • Etxebizitzaren gaineko ondorioak. Herritarren pertzepzioari buruzko azken inkestaren arabera, etxebizitzaren eskuragarritasuna da donostiarrek adierazitako arazo nagusietako bat eta horrek etxebizitzaren gain eragin dezakeen guztiaren izaera sozial nabarmena baieztatzen du. Bizitegi lursail bakoitzean eraikitako hotel bakoitzak bizitegi merkatutik dozenaka etxebizitza desagertzea dakar eta horiek nekez itzuliko dira bizitegi merkatura (etxebizitza turistikoak sukaldea, bainugela, egongela… duten etxebizitzak dira azken finean, baina hoteletako logelak, horixe dira, logelak baino ez). Ez dira albiste onak, batez ere jakinik estatu guztian Donostian egin duela gora gehien (% 20,8) batez besteko alokairuak 2018ko bigarren seihilekoan.
  • Lan merkatuaren gaineko ondorioak. Hiri Ekonomiaren Barometroak emandako azken datuen arabera, turismoaren sektorea Donostiako ekonomiaren sektore pribatu nagusia da jada. Sektore honek enplegu prekarioa sortzen du, lanpostu gehienak aldi baterakoak baitira (kontratuen % 90) eta lan baldintza kaskarrekoak langileek hitzarmen onargarria eskuratzeko presiorik egiten ez dutenean (hala gertatu zen joan den maiatzean, greba deialdia egin behar izan zuten lan baldintza hobeak eskuratzeko). Gogora ekarri behar da enplegua dela donostiarren kezka nagusia herritarren pertzepzioari buruzko inkestak jasotakoaren arabera.

Horrenbestez, bada, ikusten dugu turismo ostatuak ugaritzeak gizarte ondorio garrantzitsuak dituela. Hori dela eta, bidezkotzat jotzen dugu Gizarte Kontseiluak turismo ostatuen eskaintzak duen bilakaerari buruzko informazio xehatua eta eguneratua izatea.

Batzordean izan genuen bileran, txorakeria iruditu zitzaion alkateari informazio hori aldian behin Gizarte Kontseiluari bidaltzea, informazio hori Gizarte Kontseiluak berak eskatu behar zuela eta.

Herritarrentzat gauza inportantea denez, eta Gizarte Kontseiluak bilerak urtean oso gutxitan izaten dituela kontuan izanik —3 hilabete falta dira urtea bukatzeko eta ohiko bilera bat besterik ez du egin—, guri ez zaigu, inolaz ere, txorakeria iruditzen Gizarte Kontseiluko lehendakariak berak hartzea aldian behin kontseiluari informazioa bidaltzeko ekimena, informazio hori kontseiluari interesatuko zaiola iruditzen bazaio.

Hori dela eta, hauxe da gure

KONTROL MOZIOA

  1. Donostiako Udalbatzak alkateari eta udal Gobernuari eskatzen die hirian turismo ostatuaren eskaintzak izandako bilakaeraren eta duen egoeraren gaineko informazioa emateko Gizarte Kontseiluko kideei aldian-aldian, ondoen iruditzen zaien moduan.

 

0