• eu
  • es

Memoria historikoaren legea betetzeari buruzko kontrol mozioa

2012ko irailean, “egiarako eskubidea, benetako justiziarako eskubidea eta ordaintza duin eta ez diskriminatzailerako eskubidea bermatzeko beharrezko neurriak” hartzea onartu zuen Udalbatzak, memoria demokratiko baten aldeko konpromisoan aurrera egiten jarraitzeko helburuarekin.

Gerra Zibilean eta diktaduran izandako milaka errepresaliatu eta biktimen memoriaren eta justiziaren alde, eta Udal Gobernu honek Memoria Historikoaren Legea betetzeko duen erantzukizuna eta obligazioa betez, kendu egin behar dira gure historiaren une ilun eta mingarrienean emandako golardo eta domina guztiak. Aipatutako 2007ko legean, 15. artikuluan, honako hau jartzen du: “Administrazio publikoek, beren eskumenak betez, altxamendu militarraren, Gerra Zibilaren eta Diktaduraren errepresioaren inguruko armarriak, intsigniak, plakak eta, modu pertsonalean edo kolektiboan, garai hura goraipatzen duten beste objektu edo aipamen guztiak kentzeko berariazko neurriak hartuko dituzte. Neurri horien artean, diru-laguntza edo laguntza publikoak kentzea sartu har ahal izango da”.

43 urte pasa dira diktadura frankista amaitu zenetik, baina hiriak oraindik ere mantendu egiten du diktadura frankistan Herri Lanetako ministro izan zen Federico Silva Muñozi emandako urrezko domina; hain zuzen ere, hiriaren sari gorena da hura. Onartezina da diktadura frankistako ministro batek hiriaren urrezko domina izatea oraindik ere.

Era berean, beharrezkoa iruditzen zaigu hiritik frankismoko sinboloak kentzeko bideak irekitzea. Alde batetik, salatzen dugu oraingo legegintzaldian Udal Gobernuak ez duela pausorik eman etxejabeei beren fatxadetatik frankismoko Etxebizitza Ministerioaren plakak kentzen laguntzeko. Bestalde, beharrezkoa iruditzen zaigu Urgulleko Jesusen Bihotzari buruzko elkarrizketak hastea herritarrekin, prozesu parte hartzaile baten bidez.

Udal frankistak sustatutako eta diruz lagundutako monumentua da Jesusen Bihotza, eta hala biltzen dute udal aktek ere. Beraz, zinegotzi ordezkari Viles jaunak hilabete honetako batzordean monumentu horrek konnotazio frankistarik ez duela argudiatuz emandako erantzunak faltsuak dira.

Pedro Muguruza izan zen arkitektoa, eta Erorien Haraneko arkitekto izateagatik ere ezaguna da hura. Itxura guztien arabera, monumentua egiteko preso politikoen lan esku esklaboa erabili zuen frankismoak, Jesusen Bihotzak bezala katolizismoa goratzen duten beste eraikinak egiteko erabili zuen bezala. Ondare nazionala den Mota gazteluaren gainean dago monumentua, eta kultura ondareari buruzko txostenen arabera, leku hori ez da egokia, gazteluaren goiko irudia hutsaltzen baitu. Beraz, Udal Gobernuaren jarrera ez kritikoa onartezina da, kontua itxi nahi baitu herritarren iritzia kontuan hartu gabe.

Bestalde, eta Erorien Haranean azken hilabeteetan eman diren pausoak eta etorkizun hurbilean emango direnak ikusita, premiazkoa iruditzen zaigu Donostiako Udalak beharrezko urratsak egitea han dauden donostiarrak identifikatzeko eta Euskadira ekartzeko (asko daude, eta legez kontra eraman zituzten haien gorpuzkiak), egiaren, justiziaren eta erreparazioaren printzipioak bete ahal izateko.

Hori dela eta, honako hau aurkezten dugu:

KONTROL MOZIOA

  1. Donostiako Udalbatzak, Memoria Historikoaren 52/2007 Legeko 15. artikulua betez, Federico Silva Muñoz ministro frankistari hiriaren urrezko domina ken diezaiola eskatzen dio Udal Gobernuari.
  2. Donostiako Udalbatzak Urgulleko Jesusen Bihotzaren etorkizunari buruzko herritarren parte hartze prozesu bat ireki dezala eskatzen dio Udal Gobernuari.
  3. Donostiako Udalbatzak oraindik ere frankismoko Etxebizitza Ministerioaren plakak dituzten etxejabeengana jotzeko eskatzen dio Udal Gobernuari, plaka horiek kentzen laguntzeko eta hala Memoria Historikoaren 52/2007 Legea betetzeko.
  4. Donostiako Udalbatzak Udal Gobernuari eskatzen dio, senideek hala eskatuz gero, Colgamuros Haranean (Erorien Harana moduan ezagutzen da) dauden donostiarrak Euskadira ekartzeko eskatzeko gai horretaz arduratzen diren administrazioei.
0