• eu
  • es

Kontrol mozioa uliako mintegietan zuzkiduratarako lursail erreserba egitea dela eta

123/2012 Dekretuak, ekainaren 3koak, hirigintzako estandarrei buruzkoak, gutxieneko estandar batzuk ezartzen ditu eraikigarritasuna handitzeagatiko zuzkiduratarako eta ekipamendutarako lursail erreserbarako hiri lurzoruan.

Jarduketa eremuan lursail gabezia dagoela eta, zuzkidura horiek gauzatu ezin direnean, Udalak haiei dagokien zenbatekoa kobratzen du, lurzoru hori ingururik hurbilenean eskuratzeko edo, hobekuntzetara bideratzeko, Dekretuaren arabera.

Agerikoa denez, hiri lurzoruan ez da aukera askorik izaten aurreikuspen hori betetzeko lurzoru egoki faltagatik. Horrek esan nahi du denboran zehar Udalak diru erreserba bat metatzen doala hiru lurzorua eskuratzeko edo hobetzeko parkeak edo lorategiak sortzeari begira, legeak jasotzen duen bezala. Hori egitera behartuta dago.

Uliako mintegietako finka hiri lurzoruan dagoen orube berezi bat da, gaur egun funtzio bikoitz hau betetzen duena: Zuhaizti eder bat da, naturagune bat, elementu babestu bat duena, ur depositu zaharrak, alegia, beharrezko segurtasun neurriak ezarri eta gero, azpiegitura erakargarri bilakatzeko bokazioarekin, zeinetarako erabilera publiko desberdinak aintzat hartu baitira. Hori ez ezik, ikasle eta nagusien heziketa eta gozamenerako eremu bat da, Ulia Kolore Baratzak elkarteak, eremua kudeatzeko lehiaketa publikoaren irabazlea eta Eusko Jaurlaritzaren Elkarlan sariaren irabazlea izan zenak, era ireki eta parte-hartzailean sustatzen dituen jarduerei esker (bisita gidatuak finkara eta deposituetara, baratzezaintza ekologikoa, konpostajea, jarduera ludiko-hezitzaileak eta abar).

Finka hori, gainera, lege agindua betetzeko aukera bakarretako bat da, finka bisitatu duten pertsona gehienek eutsi egin behar zaiola irizten dioten egungo egoera hori finkatzearen bidez.

Udal lursail bat izanda, hiri parkea izatera bideratzea hari etekin ekonomikoa ateratzeari uko egitea litzateke. Dekretuaren 8. artikuluko 5. puntuak planteatzen duenaren arabera, defizit hori gastu gisa konputatu ahal izango litzateke, hau da, erreserba ekonomikoa zuzkidurak gauzatzeko erabiltzea bezala, dagokion zenbatekoa beste zerbaitetarako askatzeko aukerarekin. Uliako mintegien lursaila zuzkidurak gauzatzeko erabiltzeak, legearekin betetzeko soluzio sinple eta erraz bat eskura jartzeaz gain, aukera ematen du bitarteko ekonomiko gehigarriak sortzeko.

Zinegotzi ordezkariak batzordean adierazi zuen Udalak asmoa duela zuzkidura horiek Igeldo aldean gauzatzeko. Zerbait positiboa da, gure ustez, baina ez, nahikoa, legearen araberakoa ez izateaz gain.

Ez da nahikoa Dekretuaren “izpiritua, zuzkidura gaietan, zuzkidura hirigune osoan gauzatzea delako, eta ez soilik aldirietan.

Ez da legearen araberakoa Dekretuak, 7. artikuluan, 2. puntuan, hau dioelako: “Tokiko sistemen estandarrak lekualdatzearen ondorioz estandar horiek betetzeko behar diren lurzoruak egongo dira dagozkien jarduketetatik ahalik eta gertuen”. Horrek esan nahi du AU05 Ategorrieta eta IN02 Intxaurrondo Zaharra eremuetako eraikigarritasunaren gehikuntzagatiko konpentsazioengatik kobratutakoak balio behar lukeela zuzkidurak inguru horietan bertan gauzatzeko, eta ez, Igeldon. Horrexegatik galdetu genuen batzordean zein den zuzkidurak gauzatzeko mentatutako diru zenbatekoa, bai maila globalean zein lokalean bi eremu horietan. Erantzuna izan zen zinegotzi ordezkariak zenbatekoak ez zituela eta idatziz igorriko zituela. Mozioak erregistratzeko epea ordu gutxi barru amaituko da eta zifren berri izan gabe jarraitzen dugu.

KONTROL MOZIOA

  1. Donostiako Udalbatzak udal gobernuari eskatzen dio bete dezala legeak dioena eraikigarritasuna handitzeagatiko zuzkiduratarako eta ekipamendutarako lursail erreserba gaietan.
  2. Donostiako Udalbatzak udal gobernuari eskatzen dio txosten bat egin dezala egungo egoera zehazteko eraikigarritasuna handitzeagatiko zuzkiduratarako eta ekipamendutarako lursail erreserbari dagokionez, datu hauek barne, gutxienez:
    • Udal eremu bakoitzerako: eraikigarritasunaren gehikuntza jarduketetan zuzkidurak gauzatu ezinagatik kobratutako konpentsazio ekonomikoen zenbatekoen eta daten zerrenda.
    • Zuzkidurak gauzatzeko aurreikusitako lursailen zerrenda eta aurreikusitako plangintza kronologikoa.
  3. Donostiako Udalak udal gobernuari eskatzen dio erabil ditzala Uliako mintegiak hiri lurzoruan zuzkidurak eta ekipamenduak gauzatzeko betebeharra betetzeko, lursaila hiri parke bilakatuz, Legeak ezarritakoaren arabera.

Bozketa puntuz puntu:

  1. IRABAZI, PP, PSE, PNV: Alde
  2. IRABAZI, PP: Alde / PSE, PNV: Kontra
  3. IRABAZI, PP: Alde / PSE, PNV: Kontra

(Argazkiaren jatorria: Cristina Enea Fundazioa)

0