• eu
  • es

Kontrol mozioa gobernuak eskatutako azterlanetan zehazten diren eraikinen eraispenari buruzkoa

Joan den ekainean, Donostiako Udalak, ohiko osoko bilkuran, Gobernua osatzen duten alderdien aldeko botoekin, onartu zuen gure udal taldeak aurkeztutako mozioaren puntu hau:

“1. HEOBPBren berrikuspena amaitu arte, Donostiako Udalbatzak Udal Gobernuari eskatzen dio, udalari kalterik eragin gabe, erabilgarri dauden lege tresna guztiak erabiltzeko, eraikinak edo eraikinen zatiak ez eraisteko. Eraikin horiek txaleten, industria nabeen, gotorlekuen eta baserrien azterlanetan eta tramitatzen ari den HEOBPB aldatzeko jaso diren alegazioetan daude identifikatuta.”

Osoko bilkuran hartutako konpromisuaren ostean, ikusi dugu etxeei, baserriei, gotorlekuei eta industria nabeei buruz gobernuak eskatutako 4 ikerketetan identifikatutako hainbat eraikin eraitsi egin direla edo eraisteko proiektuetan daudela:

  • Eugenia etxea (Jaialai, 4): Ramón Cortázarrek egindakoa da. Hiru izarreko hotel bat eraiki nahi dute orain toki horretan. Egungo jabeek nahiago dute eraikina bota eta obra berri bat egitea. Gobernuak eskatutako “Donostiako txaleten inbentarioan” dago Eugenia etxea, eta inbentario hori HEOBPB berrikusteko oinarri hartu behar da.
  • Stella Maris etxea: Intxaurrondon dago eta Jose de Goicoak egindakoa da. Txaleten inbentarioko 50 elementuetako bat da, eta beraz, ezinbestekoa da eraikina babestea.
  • OASA eraikina: Errekalden dago, HEOBPB berrikusteko oinarri izango den industria ondareari buruzko txostenak hau adierazi du: “Lehen mailako elementua da, eta Peter Behrens arkitektoaren AEG elektrizitate konpainia bezalako fabrikei eta Mugimendu Modernoko fabrikei erreferentzia argiak egiten dizkie”.
  • Saga etxea: txaleten inbentarioan dago. Azken saioan, eraikin hori Ondarearen Foroko eztabaida gaia izan zen.

Batzordean galdetu genuen zer tramite egin zituen Gobernuak eraispen horiek ez gauzatzeko (dagoeneko eraitsita daudenak edo eraistea aurreikusita daudenak). Egoera horretan daude Stella Maris, Eugenia (Jaialaikoa) eta OASA eraikinak. Ez zela tramiterik egin erantzun ziguten. Harrigarria iruditzen zaigu, izan ere, Saga txaleta ez eraisteko saiakerak egin ziren, eta horretarako, Eusko Jaurlaritzari etxea katalogatzeko eskaera egin zitzaion. Eta ez da gauza bera egin OASA, Eugenia edo Stela Maris eraikinekin.

Bestalde, galdetu genuen zergatik ezin den geldiarazi eraikinak eraisteko lizentzien ematea esparru zehatz batzuetan, Ondarretako etxeekin egin zen bezala. Gobernuak adierazi zuen eskatutako 4 txostenak (etxeei, industria nabe, baserri eta gotorlekuei buruzkoak) lan dokumentuak direla soilik, liburu espezializatuak bezala, eta beraz, ezin direla oinarri hartu eraikinak eraisteko lizentziarik ez ematea onartzeko, Ondarretan egin zen bezala. Gobernuak pentsa dezake txostenak dokumentazio espezializatu soilak direla, baina administratiboki elementu onargarriak dira lizentziak geldiarazteko.

Ondarretako txaletekin gertatutakoa gogoratuko dugu: 2016ko ekainaren 28ko erabakian gobernuak onartu zuen “Urtebeteko gehieneko epean ez ematea hirigintza lizentziarik eraikinak eraisteko Hiria Antolatzeko Plan Orokorreko “A.O09 Ondarretako Lorategi Hiria” hirigintza esparruan”. Erabakian, Udal Gobernuak justifikazio moduan esan zuen txosten bat egiteko agindu zuela 2009an katalogatu eta 2014an katalogotik ateratako elementuak sartzea edo ez sartzea aztertzeko, eta honako hau argudiatu zuen: “… plan berezia aldatzeko prozedura hasi baino lehen, eta haren eraginkortasuna bermatzeko, lehenik eta behin eraisteko hirigintza lizentziak ematea eten egin behar da […]”.

Gobernuak Zinegotzi ordezkari baten ebazpenaren bidez eskatutako azterlan bat erabili du esparru zehatz batean eraikinak eraisteko lizentziarik ez ematea onartzeko.

Prozesu bera jarraitu daiteke beste eremu batzuetan: etxeen txostena ere ebazpen baten bidez (2017ko otsailaren 17koa) eskatu zen. Ebazpen hori HEOBPBren berrikuspenari lotuta dago eta ebazpenak zehazten du adjudikazioa “HEOBPBren berrikuspenean” egiten zela (ñabardura garrantzitsua).

Horren ondorioz, Ondarretako etxeen prozedura bera jarraituz gero, posible ikusten dugu eraispen lizentzien emateak etetea hirigintza esparruetan; esaterako, Gobernuak eskatutako etxeei buruzko txostenean identifikatutako elementu ugari dauden eremuetan.

  • AO.014 ITSASARGIAREN ERREPIDEA. Txostenean identifikatutako 12 elementu daude eremu horretan.
  • IN.02 INTXAURRONDO ZAHARRA. Txostenean identifikatutako 20 elementu daude eremu horretan.

Hori dela eta, hauxe da aurkezten dugun

KONTROL MOZIOA

  1. Donostiako Udalbatzak Udal Gobernuari eskatzen dio erregulartasunez komunikatzeko Ondasun Foroari txaletei, baserriei, gotorlekuei eta industria nabeei buruzko 4 ikerketetako eraikinen edo eraikinen zati batzuk ez botatzeko hartu dituzten neurri legal eta administratiboak.
  2. Donostiako Udalbatzak Udal Gobernuari eskatzen dio eteteko, gehienez ere urtebetez, eraikinak eraisteko hirigintzako lizentziak ematea, Hiri Antolamenduko Planeko “AO.014 ITSASARGIAREN ERREPIDEA” hirigintza eremuan.
  3. Donostiako Udalbatzak Udal Gobernuari eskatzen dio eteteko, gehienez ere urtebetez, eraikinak eraisteko hirigintzako lizentziak ematea, Hiri Antolamenduko Planeko “IN.02 INTXAURRONDO ZAHARRA” hirigintza eremuan.
0