• eu
  • es

Kontrol mozioa, energia elektrikoa kontratatzea dela-eta

Joan den abenduan, Donostiako Udalbatzak aho batez onartu zuen, gure taldeak aurkeztutako ekimen bat zela-eta, Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzea bere erosketa zentralaren bidez jo zezala argindarraren handizkako merkatura zuzeneko kontsumitzaile gisa, Gipuzkoako udalentzat energia erostera. Era berean, Aldundiari hertsatuki eskatzen zitzaion lortutako aurrezkia gizarte politiketan erabiltzeko.

Erabaki horren azken xedea da argindarraren fakturan aurreztea, pobrezia energetikoari aurre egiteko. Gizarte Ekintza Sailak Gizarte Larrialdietako Laguntzak direla-eta 2015ean egindako Memoriaren arabera, Udalak 750.177,77€ erabili zituen familiek energia gastuak ordaintzeko egindako eskaerei erantzuteko.

Hilaren 16an egindako Ogasun Batzordean, interpelazio bat egin genion Domínguez-Macaya Ogasuneko zinegotzi ordezkariari jakiteko zergatik Udalak, Aldundiaren erosketa zentralaren bidez, urtebetez luzatu duen Iberdrolarekin duen kontratua, Udalbatza honek aho batez onartutako mozioaren kontra.

Zinegotzi ordezkariak emandako erantzunaren arabera, Foru Aldundiak ez du argindarraren handizkako merkatura jotzeko asmorik, uste baitu horrekin ez dela lortuko fakturan aurreztea. Zinegotziak gaineratu zuenez, Udalarentzat konplexua litzateke bakarrik jotzea merkatu horretara, zaila baita kontsumoa aurreikustea. Argudio hori, baina, guztiz ulertezina da, bai urteko aurrekontuek bai luzatutako kontratuak horri buruzko aurreikuspenak jasotzen dituzte-eta.

Prozedura zaila dela argudiatzea ere ez zaigu onargarria iruditzen. Izan ere, badaude udal batzuk, Avilesekoa kasu (83.000 biztanle, PSOEk gobernatua), argindarra zuzenean erosten dutenak, %20ko aurrezkia lortuz. Gauza bera egiten du SEA Arabako Enpresaburuak elkarteak, eta antzeko aurrezkiak lortzen ditu kide dituen enpresentzat. OCUk (Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Erakundea) eta energia kooperatibek ere handizkako merkatura jotzen dute, eta antzeko aurrezkiak lortzen dituzte.

Ez Gipuzkoako Foru Aldundiak ez Udalak aukera hori aztertzeko asmorik ere ez izateak −eta, hortaz, argindarraren fakturan aurkeztu eta diru hori pobrezia energetikoa arintzeko politiketan erabiltzeari uko egiteak−, argi uzten du Udalbatzaren erabakiak ez direla batere errespetatzen, EAJ eta PSEk zuzentzen dituzten bi erakundeon gobernuek ez dutela borondate politikorik gai hau dela-eta eta funts publikoak kudeatzeko modua guztiz kaltegarria dela. Izan ere, uko egiten diote argindarraren fakturan aurrezki handi samarrak lortzeko aukerari. Donostiaren kasuan, aurrezki horiekin energia gastuetarako laguntzen ia %100 ordain liteke.

Harrigarria da, argindarraren fakturan %20raino aurrezteko aukera izanda, Iberdrolarekiko kontratua berriro luzatu izana, hemen onartutako alternatiba aztertu ere egin gabe. Gainera, Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak Pobrezia Energetikoa Prebenitzeko Estrategiaren oinarrizko ildoak azaldu eta handik gutxira egin zen kontratu horren luzapena −Aldundia lantzen ari den ildo batzuk dira, Energia Foru Planari lotuak, azken xedea dutenak energiaren faktura murriztea−.

Ingurumeneko diputatuak berak aitortu zuen pobrezia murrizteko neurriak zuzentzaileak izan daitezkeela, baina, baita ere, prebentiboak. Azken hauen artean, energiaren erosketa hobetzea sartu zuen.

Hori dela-eta, gure iritziz, administrazioek jarraitu beharreko logikak izan beharko luke argindarraren faktura murrizteko beharrezko elementuak artikulatzea. Beste erakunde batzuek lortutako aurrezkiek argi uzten dute energia zuzenean erosteko handizkako merkatura jotzeak aurrezki handi samarra dakarrela fakturan.

Hori dela-eta, honako kontrol mozioa aurkezten dugu:

KONTROL MOZIOA

  1. Donostiako Udalbatzak hertsatuki eskatzen dio Udal Gobernuari txosten bat aurkezteko, argindarraren handizkako merkatura zuzenean jotzeko zer pausu eman behar diren argitzearren. Merkatuan eskatuko du, bestalde, argindar horrek iturri berriztagarriak izatea.
  1. Donostiako Udalbatzak hertsatuki eskatzen dio Udal Gobernuari argindarra handizkako merkatuan zuzenean erosita lortzen duen aurrezkia gizarte politiketan erabiltzeko.

Bozketa:

IRABAZI, EH BILDU: Alde

PP, PSE, PNV: Kontra

(Irudia)

0