• eu
  • es

Kontrol mozioa, emakumeen hiriko sexu ustiapena dela eta

Duela urtebete onartutako genero indarkeriaren aurkako Estatu Itunak hainbat lege testu barneratu zituen, inoren konturako prostituzioaren irabazizko ustiapena geratzeko neurriak ezartzeko. Gainera, itun horretan esaten zen proxenetismoa funtsezko motorra dela prostituzioa eta emakumeen eta haurren salersoketa ahalbidetzeko, bultzatzeko eta sustatzeko.

Emakumeen sexu ustiapena gertatzen da gure hirian ere. Nahiz eta gehienentzat ikusezinak izan, emakume dezente daude ustiatuak, esklabotza baldintzetan, Donostian.

Hori dela eta, errealitate mingarri horri aurre egiteko eta sexu ustiapenik gabeko gizarte bat sortzeko asmoz, garrantzitsua iruditzen zaigu ahal denik eta arlo gehienetan jardutea: arlo publikoan, sexu ustiapenarekin negozioa egiten duten komunikabideak finantzatzeari uko eginez; proxenetei eta haien legez kanpoko negozioa mugatuz, engainatu egiten baituzte administrazioak; izan ere, jarduera lizentziak eskatzen dituzte, bai eta lortu ere, eta jarduera horiek ustiapen toki bihurtzen dira azkenean. Era berean, kanpaina informatibo eta hezitzaileak egiteko eskatzen dugu, adin guztietako gizonek gogoeta egin dezaten emakumeen kontrako sexu indarkeria iraunarazteaz; izan ere, emakumeen gorputza haien gozagarri erabiliz, bide ematen diote emakumeak menderatzeari eta haien kontrako indarkeriari.

Hori dela eta, emakumeen sexu ustiapena sustatzen duten komunikabideetan publizitatea jartzeari buruz gogoeta egiteko eskatzen jarraitzen dugu. Euskadiko Publizitate eta Komunikazio Instituzionalari buruzko 2010eko abenduaren 23ko 6/2010 Legeak erakundeen publizitate eta komunikazio kanpainetan bete beharreko hainbat arau ezartzen ditu. Hala, bere 4.3 artikuluan ezartzen duenez, “kanpaina instituzionalek gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzen lagunduko dute, gizartean dagoen aniztasun sozial eta kulturala errespetatuko dute eta haurrak eta nerabeak babestuko”. Era berean, 5. artikuluan honako debeku hauek ezartzen ditu: “ezingo da publizitateko edo komunikazioko kanpaina instituzionalik sustatu edo kontratatu kanpainak mezu diskriminatzaileak, sexistak edo printzipio, balio eta eskubide konstituzionalen aurkakoak badauzka”.

Horrenbestez, ez dirudi logikoa gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna sustatzeko eta haurrak eta nerabeak babesteko neurriak dituen lege bat, mezu baztertzaile edo sexistak erabiltzeko debekua ezartzen duena, baliozko argudioa izan daitekeenik sexu ustiapena sustatzeko publizitatea darabilen komunikabideetan iragarki eta publizitate kanpaina instituzionalak argitara emateko; izatez, kontraesana baita.

Alde horretatik, gogorarazi nahi dugu, Europako Parlamentuak 2014ko otsailean sexu ustiapenari eta prostituzioari eta horrek genero berdintasunean duen inpaktuari buruz egindako A7-0071/2014 Txostenean ondorioztatzen denez, prostituzioa esklabotza modu bat dela, bateraezina pertsonaren duintasunarekin eta haren oinarrizko eskubideekin; hain zuzen, giza eskubideen urratze ankerrenetako bat da hori, bai eta emakumeen kontrako indarkeria modu bat ere.

Hori dela eta, honako hau aurkezten dugu:

KONTROL MOZIOA

  1. Donostiako Udalbatzak hertsatuki eskatzen dio udal gobernuari ez dezala iragarki eta publizitate kanpainarik zabaldu emakumeen sexu ustiapena sustatu edota babesten duten komunikabideetan.
  2. Donostiako Udalbatzak hertsatuki eskatzen dio udal gobernuari ezar ditzala hirian emakumeen sexu ustiapena erauzteko neurriak.
  3. Donostiako Udalbatzak hertsatuki eskatzen dio udal gobernuari jar ditzala jarri beharreko bideak emakumeak sexualki ustiatzen dituzten tokiei jarduera lizentzia kentzeko.
  4. Donostiako Udalbatzak hertsatuki eskatzen dio udal gobernuari emakumeen sexu ustiapena arbuiatzeko prestakuntza eta informazio kanpaina bat egiteko.
0