• eu
  • es

Irabazi Donostiaren ustez, Kirol Txartelaren prezioa garestitzea onartezina da.

Irabazi Donostia (Ezker Anitza-IU, Equo eta independenteek osatutako plataforma) udal-taldeko bozeramaile Amaia Martinen iritziz, onartezina da EAJ eta PSE alderdien koalizio gobernuak Kirol Txartelaren prezioa garestitzeko egindako proposamena.

Behin gaur goizeko Ogasun Batzordea amaituta, Kirol Txartelari dagokionez, Martinek informatu du udal-gobernuak bi helburu dituela: batetik, heldu nahiz familientzako txartelaren prezioa % 5 garestitzea eta, bestetik, txartelaren lau hilez behingokok ordainketa kentzea.

Irabazi Donostiako eledunaren hitzetan, garestitzea onartezina da, hiritar gehienen ekonomia-egoera ez delako hobetu eta, kasu askotan, okerragotu delako. Egoerak egoera, EAJ eta PSE alderdiek, dirudienez, bestela ikusten dituzte gauzak, eta sektore ekonomiko jakin batzuen eskaerak hiritarrenak baino gehiago hartzen dituzte kontuan.

Aurtengo garestitzearen harian, Irabazi Donostiako kideak gogora ekarri du udal-gobernuak iaz ere prezioak % 5 garestitu zituela. Horretaz gain, aurten, lau hilez behingoko ordainketa kentzearen ondorioz, donostiar askok ezingo dute urteko txartela ordaindu eta bizitza osasuntsurako mesedegarria den kirola egiteari utziko diote. Horrela, udal-gobernuak kirola egitearen prezioa garestituko du, eta, aldi berean, ez dio Realari milioika euroko kanona ordainaraziko Anoetako estadioa berritzeko.

Irabazi Donostiako bozeramaileak, halaber, salatu du udal-gobernuak berriro bonu soziala duten pertsonak irainduko dituela. Izan ere, herritar horiek ordutegi murriztua izango dute udalaren kirol instalazioak erabiltzeko. Gainera, murrizketa adingabeentzat oso mingarria da, eta udal-gobernuak bazter uzten ditu iazko murrizteen aurkako protestak.

Horiek horrela, Amaia Martinen esanetan, Irabazi Donostia udal-taldeak prezioen garestitzearen aurka bozkatuko du, eta saiatuko da udal-gobernuak beren erabakietan –bono sozialaren ordutegiaren murrizketan eta lau hilez behingoko ordainketaren kentzean- atzera egiten.

0