• eu
  • es

Irabazi Donostiaren ustez, kezkagarria da Familientzako Laguntza Zerbitzura jotzen duen familia-kopurua gero eta handiagoa izatea

Irabazi Donostia udal taldeko (Ezker Anitza-IU, Equo Berdeak eta independenteek osatutako plataformako) bozeramaile Amaia Martinek adierazi duenez, kezkagarria da Donostiako Udalaren Familientzako Laguntza Zerbitzura jotzen duen familia-kopurua gero eta handiagoa izatea.

Martinek adierazpen hori egin du, behin jakinda, 2019ko urtarrilaren 22an egindako Tokiko Gobernu Batzordean, EAJ eta PSEren koalizio-gobernuak Familientzako Laguntza Zerbitzurako aurrekontua handitzea erabaki duela, hasierako aurrekontu-saila ez baitzen nahikoa zerbitzuaren benetako beharrak asetzeko.

Irabazi Donostiaren eledunak informatu duenez, zerbitzuak familiei laguntza eta orientabidea ematen die, zehazki bi alorretan zailtasunak dituztenei: batetik, krisialdiaren kudeaketan; eta, bestetik, familia-esparruan, adingabekoen hezkuntzan eta hazkuntzan.

Zerbitzua ezinbestekoa denez familia askok hobe dezaten euren seme-alaben hazkuntza, Amaia Martinek iritzi dio udal gobernuak sakon aztertu beharko lukeela zeintzuk diren aurrekontua handitu behar izatea eragin duten arrazoiak, izan ere, zergatiko horietako batzuk konpondu beharreko arazoak izan daitezke.

Hori guztia dela-eta, Martinek jakinarazi du Irabazi Donostia taldeak Gizarte Ekintzako zinegotzi-ordezkari Aitziber San Romanek erantzuteko hainbat galdera erregistratu duela. Eta horiek guztiak Familentzako Laguntza Zerbitzuak artatutako familia-kopurua handitu izanari buruzkoak direla, baita zenbatekoa handitu izanak sortu duen arazoa konpontzeko udal gobernuak dauzkan neurriei buruzkoak ere.

0