• eu
  • es

Irabazi Donostiaren ustez, Hiri Antolamenduko Plan Orokorra interes orokorrari erantzuten ez dion «patchwork» bat bihurtu da, beraz, premiaz berrikusi behar da

Amaia Martinek eta Loïc Alejandrok, Irabazi Donostia udal-taldeko zinegotziek (Ezker Anitza-IU, Equo eta independentez osatua), 2010eko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) «patchwork» bat dela esan dute eta, beraien ustez, egin zaizkion aldaketa ugariek «ez diote hiriko interes orokorrari erantzuten», aldaketa horiek sustatu dituztenen interesei baizik. Horregatik, datorren osoko bilkuran premiaz berrikusteko eskatuko dute, mozio baten bitartez.

Loïc Alejandrok gogorarazi duenez, HAPOa hiriko lurralde-antolamendu integralerako oinarrizko tresna da eta horren bidez hiriko erabilerak erabakitzen dira: zer espazio gordeko diren etxebizitzak egiteko; zer espazio berdeguneak egiteko; edo non kokatuko diren industria- edo merkataritza-jarduerak.

Alejandroren arabera, indarrean dagoen HAPOa onartu zenetik, 2010etik, «horren 17 aldaketa izapidetu dira edo izapidetzen ari dira, hau da, bat sei hilabetean behin»; horien artean, Garbera, Illarra eta Belartza 2rekin lotuak, besteak beste, Aldakonean iragarri den azkena edo etorkizunean Easoko trenbide-eremuan egingo dena ahaztu gabe. Horrek, «gure ikuspegitik, plana eta izapidetzen ari diren aldaketak premiaz berrikusi behar direla erakusten du».

Aldakonea eremuko HAPOaren berrikuspenari dagokionez, Alejandrok adierazi duenez, bere taldeak ez dauka «batere garbi» EAJk eta PSEk osatutako udal-gobernuak eremu horretan egin nahi duen operazioak «interes orokorrari» erantzuten dion edo Kutxa Fundazioak «dirua egiteko» pentsatuta dagoen; izan ere, Eneko Goia alkateak egindako adierazpenen arabera, proiektatutako 300 etxebizitzetatik legezko gutxienekoa bakarrik, % 40, izango dira etxebizitza publikoak –hau da, 120– eta azken horietatik 57 bota beharreko etxebizitzetan bizi diren pertsonei ostatu emateko izango dira. Gainera, Nazaret zentroa hiriaren kanpoaldera eramatea, eta beraz, joan-etorriak areagotzea proposatzen da, baita Presentación de María ikastetxea lekualdatzea ere, nahiz eta dirudienez ikastetxea ados ez dagoen eta auzoak arlo horretan dituen beharrak aztertu ez diren.

Era berean, Irabazi Donostiako zinegotziak esan duenez, 2010eko HAPOa «jada ez da koherentea» udalaz gaindiko beste antolamendu-tresna batzuekiko, adibidez: Euskadiko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroekiko eta lurralde-plan partzial eta sektorialekiko. Udal-gobernua legegintzaldi honetan onartzen ari diren planekiko «ere ez da» koherentea.

Udal-planei beraiei dagokienez, Alejandrok Udal Etxebizitza Plana nabarmendu du. Plan horretan aitortzen da alokairuzko etxebizitza publikoen eskaera handitu den arren 2010eko HAPOan horiek eraikitzea aurreikusten zen esparruak –Auditz Akular, Antondegi eta Aldatxeta, esaterako– ezingo direla garatu 2025era arte, edo agian ez direla inoiz garatuko. Donostiako Klima 2050 Ekintza Planak eta Klima Aldaketara Egokitzeko Udal Planak ere HAPOa berrikustea beharrezko egiten duten neurriak planteatzen dituzte.

Bestetik, Amaia Martinek gogorarazi duenez, joan den asteleheneko, uztailaren 9ko batzordean, Hirigintzako zinegotzi ordezkariari, Ramos jaunari, HAPOa berrikusteko beharra planteatu zioten. Ramos jaunak HAPOaren berrikuspenaren aurrerapenerako irizpideak eta helburuak finkatzeko lantalde tekniko bat osatzeko asmoa zuela erantzun zuen, baina ez zuen epe zehatzik ezarri.

Martinen arabera, aipatutako irizpide eta helburuen zehaztapenean «bai udal-talde guztiek bai herritarrek parte hartu behar dute hasieratik», HAPOak ondasun oso eskas baten, lurzoruaren, antolamenduan duen garrantziagatik. Izan ere, osotasuna kontuan hartzen ez bada, «etorkizuna hipotekatu dezake, etxebizitza babestuen, hurbileko saltokien edo urbanizatu gabeko lurzorua babestearen arloetan».

Halaber, Martinek gogorarazi duenez, 2010eko HAPOa generoaren araberako eragina ebaluatzeko nahitaezko txostena egin gabe izapidetu zen, nahiz eta 2005eko euskal Berdintasun Legeak horretara behartu, beraz, berrikuspenean hori barne hartu beharko da, plan berriak eragin horiek deuseztatu edo ahalik eta gehien murriztu ahal izan ditzan.

Azkenik, Irabazi Donostiako eledunak azaldu duenez, alderdi horiek guztiak hurrengo osoko bilkuran eztabaidatzeko aurkeztu duten mozioan biltzen dira, eta bai tokiko gobernuak bai gainerako udal-taldeek onartzea espero du.

0