• eu
  • es

Irabazi Donostiaren ustez, bere zinegotzia Anoeta Kiroldegia sozietate publikoko administrazio-kontseilutik kanporatzeak gardentasuna eta izaera demokratikoa eragozten ditu

Irabazi Donostia –independenteek, Ezker Anitza-IUk eta EQUOk osatutako plataforma- udal-taldeko zinegotzi Loïc Alejandroren hitzetan, bera Anoeta Kiroldegia sozietate publikoko administrazio-kontseilutik kanporatzeak gardentasuna eta izaera demokratikoa eragozten ditu.

Alejandroen arabera, EAJ eta PSE alderdiek osatutako Udal Gobernuaren erabakia –Irabazi Donostiako zinegotzia kanporatzekoa- ez da etikoa eta ez desiragarria, nahiz eta legezkoa den. Erabakia, gainera, bi alderdi horiek harrotzen direnaz oso bestelakoa da, gobernantza berria eta gardentasunaren aurkakoa izanik. Loïc Alejandrok, gainera, gogorarazi du Anoeta Kiroldegia ez dela sozietate anonimo arrunta, baizik eta Donostiako Udalaren sozietate bat. Horregatik, bere administrazio-kontseilua zinegotziek osatzen dute, eta kontseilua legealdi bakoitzean berritzen da.

Donostiako alkateak, Alejandroren kanporatzea justifikatzeko, arrazoi batzuk eman zituen joan den astean. Alejandrok horiei guztiei erantzun die. Horrela, Anoeta Kiroldegiaren interesen aurkako jokaerei dagokienez, zinegotziak honakoa esan du: “Anoetako birmoldaketa interes orokorrarentzat txarra da oso, betiere birmoldaketa egiteko baldintzak kontuan hartuta. Eta hori esateko, argudio tekniko, ekonomiko, politiko eta legezkoak ditugu. Beraz, interes orokorraren alde egiten dugu; hau da, Donostiako Udalaren, Anoeta Kiroldegiaren interesaren alde. Izan ere, jokaera demokratikoa eta edozein zinegotzik kudeaketa publikoa kontrolatzeko duen eskubidea nahiz betebeharra errespetatu behar dira”.

Eneko Goiak Loïc Alejandrori egotzitako salaketara –Anoetako birmoldaketa hondatzeari buruzkora- etorrita, Alejandroren hitzetan, gauzak gaizki egitea da, proiektua honda dezakeena. Irabazi Donostiako zinegotziak, halaber, Goiari gogora ekarri dizkio OARC erakundearen azken eta aurreko bi ebazpen nahiz epai judizial bat; izan ere, horiek guztiek erakusten dute oler jokatzen ari dela.

Era berean, Loïc Alejandrok alkateak, Alejandroren beraren kanporatzea justifikatzeko, emandako beste arrazoi bat izan du hizpide: konfidentzia gorde ez izana. Horrela, Irabazi Donostiako zinegotziaren hitzetan, Udalbatzarreko Erregelamendu Organikoko 13. artikuluak agintzen du edozein zinegotzik udal-sozietateetako dokumentuak eskura ditzakeela, sozietateko kide izan ala ez. Gainera, edozein herritarrek udal-txosten bat eskura dezake. Hala, Anoeta Kiroldegia udal-sozietate bat izanik, onartezina da kutxa opakua izatea eta bertara herritarrek eta hautetsiek sartzerik ez izatea, azken bi horiek sozietateak hartzen dituen erabakiak eztabaidatzen dituztenean.

Loïc Alejandroren esanetan, Irabazi Donostiak ez du Anoetako estadioaren berriztatzea eztabaidatzen, baizik eta benetako beharren eta indarreko legediaren araberako berriztatzea eskatzen du.

Anoetako estadioaren eraberritzearen ikuspegitik, Irabazi Donostia udal-taldea ez dago ados Anoeta Kiroldegia eta Realaren arteko hitzarmena aldatzeko moduarekin. Taldeko kide Loïc Alejandroren ustez, hitzarmenaren aldaketa handia da, eta Kontratuen Legearen arabera, 1993ko hitzarmena deuseztatu eta jendaurreko beste lehiaketa publiko bat egin beharko lirateke. Horren harian, Alejandro ez dator bat Realaren % 50eko ekarpenarekin; izan ere, 1993ko hitzarmenaren arabera, klubak kirol-berriztatze eta berriztatze teknikoaren kostuaren % 100 ordaindu ordaindu beharko luke. Eta bi horiek eraberritzearen % 90 baino gehiago dira.

Era berean, Loïc Alejandro ez dago ados Udalak 12 milioi euro ematearekin berriztatzerako. Alejandrok adierazi duenez, hitzarmenaren arabera, Realak Anoeta Kiroldegiri 12 milioi euro emango dizkio, eta, horien truke, udal-sozietateak klubari, 12 urteko epean, estadioa debalde erabiltzen utziko dio. Horiek horrela, 12 milioiko alokairua da, Donostiako Udalak kobratuko ez duena. Bestela esanda, udalak eraberritzean egingo duen inbertsioa da.

Amaitzeko, Irabazi Donostiako zinegotziaren iritziz, lotsagarria da Donostiako Udalak –administrazio publikoa denak- Realaren interesak batez ere babesten dituen lan bat justifikatzea, eta, horretarako, indarreko legedia urratzea eta Anoetako estadioa kudeatzen duen erakundetik zinegotzi bat kanporatzea. Are lotsagarriagoa da, noiz eta udalak herritar guztiontzako zerbitzu publikoak emateko dirurik ez egotea justifikatzen duenean. Jokaera hau ez da, inondik inora, gobernantza berri, gardentasun eta diru publikoaren kudeaketa onaren adibidea. Hala ere, Irabazi Donostia udal-taldeko kideok gobernuaren kudeaketa kontrolatzen jarraituko dugu. Horixe baita, kargu publikoak izateak eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legeak agintzen digutena.

0