• eu
  • es

Irabazi Donostiaren iritziz, «adarjotzea» da Ernest Lluch-eko Haurtxokoa eta Gaztelekua barrakoietan jartzea

Amaia Martinek, Irabazi Donostia udal-taldeko bozeramaileak (Ezker Anitza-IUk, Equok eta talde independenteek osatutako plataforma), esan du «adarjotzea» dela EAJk eta PSEk osatutako udal-gobernuaren proposamena. Bi talde politiko horiek proposatzen dute barrakoietan jartzea Amarako Ernest Lluch kultur etxeko Haurtxokoa eta Gaztelekua, Anoeta estadioaren birmoldaketa-lanak direla-eta.

Martinek Pertsonentzako Zerbitzuetako Batzordearen ondoren egin ditu adierazpen horiek. Batzorde horretan, bere taldeak Kiroletako eta Gazteriako zinegotzi Martin Ibaberi galdetu dio ea zergatik itxi diren, Anoetako obrak direla-eta, Ernest Lluch kultur etxeko Haurtxokoa eta Gaztelekua, ordezko kokapenik ezarri gabe.

Bi lokal horiek ixteari dagokionez, Irabazi Donostiako bozeramaileak salatu du udal-gobernuak ez duela aldez aurretik pentsatu espazio horiek jartzeko beste leku bat, eta, orain, ikasturtea hasten denean, jarduera horiek egiteko tokirik ez dagoenez, barrakoietan sartu nahi dituzte Amarako haur eta gazteentzako jarduerak. Horrez gain, Martinek kritikatu du gobernuak proposatzen duen aukeretako bat barrakoiak Anoetaren birmoldaketa-lanen inguruan jartzea dela, horrek dakarren guztiarekin.

Halaber, Martinek adierazi du jokaera horiek erakusten dutela zeintzuk diren EAJ eta PSEk osatutako udal-gobernuaren lehentasunak: «Anoeta birmoldatzea oso garrantzitsua da; aldiz, ez da hain garrantzitsua Haurtxokoa eta Gaztelekuarentzako aukera on bat garaiz bermatzea».

Era berean, Martinek gogorarazi du EAJk eta PSEk aisialdiko jardueretarako espazio egoki bat eman behar dietela haur eta gazteei. Beraz, proposatzen duten barrakoien irtenbidea «onartezina da». Hori dela eta, Irabazi Donostiako bozeramaileak jakinarazi du udal-gobernuari eskatuko diotela Amara auzoko Haurtxokoa eta Gaztelekua, hurrengo ikasturtea hasi baino lehen, espazio egoki batean kokatzeko aukera bat bila dezaten.

0