• eu
  • es

Irabazi Donostiak udal gobernuari galdetu dio Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuan aldaketarik egingo duen

Amaia Martinek, Irabazi Donostia (Ezker Anitza-IUk, Equok eta independenteek osatutako plataforma), udal taldearen bozeramaileak, udal gobernuari galdetu dio Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuan (ELZ) aldaketarik egiteko asmoa duen, eta zer neurritan eragingo dieten zerbitzua ematen duten emakumeei eta zerbitzuaren kalitateari, ikusirik Gipuzkoako Foru Aldundiak ELZ finantzatzeko ezarri duen hitzarmen berria.

Martinek adierazi duenez, jakin du zerbitzua ematen duen enpresak ez duela eskatuko kontratua luzatzea, eta, beraz, Udalak lehiaketa berria deitu beharko duela urtea amaitu baino lehenago. Era berean, gogorarazi du zerbitzua ematen duten emakumezko langileak kexu agertu direla beren lan-baldintzak gero eta okerragoak direlako.

Udalak deitu beharko duen kontratu berrirako lehiaketa dela eta, Martinek gogorarazi du foru hitzarmen berriak (urtarrilaren 1etik indarrean), Udalek, ELZ dela eta, finantzamendua jaso ahal izateko, zerbitzuan hainbat hobekuntza egin beharra xedatzen duela.

Aipatutako hobekuntzak honako bost hauek dira: bat, pertsona erabiltzaileentzat 15 €-ko gehieneko orduko prezioa ezartzea; bi, ordutegia urteko 365 egunetara zabaltzea; hiru, zerbitzuaren gehieneko ordu-kopurua; lau ordura zabaltzea; lau, presazko sarbiderako modalitatea ezartzea; eta bost, beste modalitate batzuk ezartzea eta, era berean, adineko pertsonentzako hainbat zerbitzuren estaldura zabaltzea.

Martinek gogora ekarri du gaurko egunean udalak jorratzen dituela Foru Aldundiak ezarritako hobekuntzetako batzuk; baina beste batzuk edo ez daude ondo definituta edo ez dira ematen, eta adibide moduan adierazi du zerbitzuaren gehieneko iraupena hiru ordukoa dela, eta ez lau ordukoa. “Aldaketa hauek guztiek eragina izango dute Udalak egin beharko duen lehiaketa berriaren baldintzetan, eta, era berean, etxez etxeko laguntza zerbitzua ematen duten emakumezko langileen lan-baldintzetan eta zerbitzuaren beraren kalitatean”.

0