• eu
  • es

Irabazi Donostiak salatu du udal-gobernuak 1.600 euroko finantzazioa ematen duela torero onenaren «Urrezko Maskorra» sarirako

Loïc Alejandrok, Irabazi Donostia udal-taldeko zinegotziak (Ezker Anitza-EBk, Equok eta independenteek osatutako zerrenda) salatu duenez, EAJk eta PSEk osatutako udal-gobernuak, Donostia Turismoa udal-sozietatearen bitartez, 1.600 euroko finantzazioa ematen du torero onenaren «Urrezko Maskorra» sarirako.

Bere udal-taldeak sari horri buruz batzordean egindako galderen erantzuna jaso ondoren egin ditu adierazpen horiek Alejandrok. Horri dagokionez, Irabazi Donostiako zinegotziak esan duenez, «erantzunak frogatzen du herritar guztien dirua erabiltzen dela pertsona batzuek ondo pasatzeko ikuskizun batean animaliak torturatzea eta hiltzea finantzatzeko».

Gainera, Irabazi Donostiako zinegotziak gogorarazi du iaz kontrol-mozio bat eraman zutela udalbatzarrera, udal-gobernuko ordezkariek sari horren ematean parte hartzeari utz ziezaioten. Mozioari erantzunez, Gasco zinegotzi ordezkari jaunak esan zuen modu indibidual hutsean parte hartzen zuela, sariaren antolatzaileek gonbidatuta. «Garbi geratu da ez dela horrela», izan ere, Udalak, Donostia Turismoa udal-sozietatearen bitartez, urtero 1.600 euroko ekarpena egiten du. Era berean, sariko epaimahaiaren aktan (Udalaren beraren idazpurua darama), Gasco jaunak zinegotzi ordezkari gisa esku hartzen du, hau da, udal-gobernuko ordezkari gisa, ez modu pertsonalean, Alejandrok salatu duenez.

Irabazi Donostiako zinegotziak gogorarazi duenez, duela urte bat, herritarren pertzepzio-inkestak islatu zuen hamar donostiarretik zazpi zezenketetara udal-bitartekoak bideratzearen kontra daudela. «Hala ere, Turismo sozietateak sarirako dirua ematen jarraitzen du eta zezenketak udal-barruti batean egiten dira oraindik ere», esan du zinegotziak.

Horregatik guztiagatik, Alejandrok jakinarazi du Irabazi Donostiak Donostia Turismoa sozietatearen Administrazio Kontseiluan aipatutako saria diru publikoz finantzatzeari uzteko proposatuko duela, eta honako hau berretsi du: «Animalia bat hil arte torturatzean datzan ikuskizun bat ezin da artetzat jo». Horregatik, «Udalak ezin dio aitorpenik egin, diru-esleipen bat barne hartzen duen sari baten bidez», ondorioztatu du.

0