• eu
  • es

Irabazi Donostiak presazkotzat jo du Ulia mendiaren kudeaketa-plana

Alejandrok, Irabazi Donostia (Ezker Anitza-IUk, Equok eta independenteek osatutako plataforma), udal taldearen zinegotziak, presazkotzat jo du Ulia mendirako kudeaketa-plan bat izatea naturgune hori babesteko.

Alejandrok adierazi du bere udal taldeak Ulia mendiarekin lotutako hainbat ekimen gauzatu dituela, horien artean: zainketa eta garbiketa hobetzea, eta baimendutako eta debekatutako erabilerei buruzko seinaleak jartzea. “Mendia babestea eta herritarrek naturgune honetaz gozatzea bateragarriak izateko aurkeztu dituzte ekimen hauek”, argudiatu du.

Ulia mendiaren Plan Bereziaren tramitazioan izandako atzerapenari buruz, Irabazi Donostiako zinegotziak adierazi du “EAJren eta PSEren borondate politikorik ez izatea eta benetako interesik ere ez izatea direla arrazoia. Era berean, Alejandrok kritikatu egin du udal gobernuak orain bost hilabete adierazi izana “Plan Berezi bat tramitatzeko konplexutasuna” arintzeko, Kudeaketa Plana idatziko zuela, berori onartzea errazagoa baita; “tamalez, gaurko egunean ez dugu berririk gai honi buruz, baina bitartean hondakinen isurketak gertatzen ari dira, pintadak egiten dituzte eta ibilgailuek baimenduta ez dauden sarbideak erabiltzen jarraitzen dute”.

Uliaz gozatzera joaten diren pertsonei buruz, berriz, Irabazi Donostiako zinegotziak gogorazi du 2017an 110.418 lagunek egin zutela Uliako Talaia Bidea, batez beste 303 lagunek egunean. Era berean, Uliako auzo-elkarteak inkesta bat egin du “Ulia, donostiarrek ikusita” (Udalaren laguntzaz), eta inkesta horren emaitzen argi eta garbi erakusten dute naturgune horren babesa dela ardatza. Alejandroren arabera, datu hauek “nabarmendu egiten dute herritarrek mendi honen alde erakutsi duten interesa eta mendiak berak babeserako neurri bereziak behar dituela, ingurune horrek eragin latzak jasan baititzake”.

Hori guztia kontuan hartuta, Irabazi Donostiako zinegotziak jakinarazi du udal gobernuari galdetu egingo diotela noizko espero duen Ulia mendiaren Kudeaketa Plana onartzea eta berori idazteko garaian hiritarren parte-hartzea ahalbidetuko duen.

0