• eu
  • es

Irabazi Donostiak prebentzio plan bat egiteko eskatzen dio Eusko Jaurlaritzari, amiantoa duten Altzako zonetan ibili diren pertsonentzakoa.

Irabazi Donostia udal taldean (Ezker Anitza-IU, Equo eta independenteek osatutakoan) zinegotzi diren Amaia Martin eta Loïc Alejandrok, mozio baten bidez, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote prebentzio-plan bat egiteko, amiantoa duten Altzako zonetan ibili diren pertsonentzakoa.

Taldeko bozeramaile Amaia Martinen arabera, amiantoak kutsatutako Altzako zona batzuei buruz egiten ari diren azterketek erakutsi dute material hori badagoela Oleta ikastetxe publikoko lorategi batzuetan eta auzoko komunitate-baratzeetan.

Kutsatutako bi gune horiei dagokienez, Martinek adierazi du leku horietako bat Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe bat dela. Horregatik, bozeramailearen hitzetan, Eusko Jaurlaritzari dagokio jardutea, pertsonen –eta toki horretan, bereziki, haurren- osasuna babeste aldera. Martinen esanetan, halaber, babesa ezinbestekoa da, amianto-kutsadurak eragindako gaixotasunak denbora luzea pasatu eta gero azaltzen baitira.

Denboraren harira, Irabazi Donostiako bozeramaileak informatu du, Eusko Jaurlaritzaren beraren hainbat txostenen –amiantoak Altzan kutsatutako lurren gainekoen- arabera, beharrezkoa dela etenik gabe zaintzea amiantoak kutsatutako guneetan bizi diren herritarrak. Behar hori dela-eta, Irabazi Donostiak mozio bat aurkeztu du, non eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen dion prebentzio plan goiztiarra egiteko eskatzen dion. Plangintza, hain zuzen, ohartuta edo oharkabean, amiantoa ukitu duten pertsonentzakoa da. Horiek, nahi izanez gero, aukera izango dute amiantoak kutsatuta dauden ala ez jakiteko, Osakidetzako mediku probak eginez.

Loïc Alejandro zinegotziak, mozioaren berri emateaz gain, jakinarazi du Irabazi Donostiak udal gobernuari (EAJ eta PSE-EEk osatutakoari) Altzako amiantoaren inguruko galdera batzuk egingo dizkiola. Alejandroren arabera, oso larria da gobernuaren jarrera; izan ere, behin auzoko komunitate-baratzeetan amiantoa dagoela jakinda, ez ditu bertako erabiltzaileak behar bezala informatu, horiek ortuetan landatzen jarraitzea segurua den ala ez jakite aldera.

Altzan amiantoak kutsatutako guneen harian, Irabazi Donostiako zinegotziak udal gobernuaren bi lan ekarri ditu gogora, biak ez nahikotzat hartuta: lehena, kutsatutako alde gehiago dagoen ala ez egiaztatzekoa; bigarrena, kutsadura-probak soilik estali gabeko guneetan edo asfaltorik gabekoetan egitekoa. Bigarrenaren aldetik, Loïc Alejandroren ustez, ez da lan nahikoa; izan ere, nahiz eta alde estaliak ez diren kutsakorrak, behar-beharrezkoa da horiek kutsatuta dauden ala ez jakitea, bertan edozein lan egin baino lehen.

Amaitzeko, Loïc Alejandrok azpimarratu du amiantoa oso arriskutsua dela pertsonen osasunerako. Arriskua dela-eta, Alejandroren arabera, udalak ardura handiaz jokatu behar du, beharrezkoa ez den kezkarik sortu gabe.

0