• eu
  • es

Irabazi Donostiak kanpaina aurrekoaren abiapuntutzat jo du aurrekontu parte hartzaileen iragarpena

Amaia Martinek, Irabazi Donostia (Ezker Anitza-IUk, Equok eta independenteek osatutako plataforma), udal taldearen bozeramaileak, hauteskunde kanpaina aurrekoaren abiapuntutzat jo du 2019ko udal aurrekontuetarako prozesu parte hartzailearen iragarpena.

Martinek adierazpen hauek egin ditu alkateak, Goia jaunak, eta Herri Partaidetzako zinegotziak, Agirrezabalaga andereak, Donostiako Udaleko Gobernu Batzarraren asteroko bileraren ostean egin duten prentsaurrekoaren ondoren.

Aurrekontuak osatzeko herritarrek parte hartzeko iragarpenari buruz, Irabazi Donostiako bozeramaileak kritikatu egin du udal gobernuak hiru urte behar izan dituela aurrekontuetan parte hartzeko ekimen bat abiatzeko eta hain zuzen ere “datozen udal hauteskundeen atarian” egin izana; hiru urteotan, udal gobernuak “ez du bildu ezta udal kontseilu sektorialen proposamenik ere”.

Era berean, Martinek gogorarazi du EAJk eta PSEk Ekialdeko Barrutia abiatzeko ere hiru urte behar izan dituztela (informazio horien arabera, era esperimentalean); Martinen hitzetan, horrek argi eta garbi erakusten du hiriko auzoetan parte hartzeko mekanismo egonkor eta deszentralizatuak diren barrutiak artikulatzeko konpromiso eza.

Iragarritako prozedurari buruz, Irabazi Donostiako bozeramaileak pentsatzen du “bitxia” dela 16 urtetik gorako edozein pertsonak proposamenak egin ahal izatea, hiriarekin edozein eratako lotura izanik, ez baitira konparagarriak Donostiara noizean behin erosketak egitera etortzea eta Donostiara lanera edo ikastera egunero etortzea.

Martinek adierazi du udal gobernuari galderak egingo dizkietela prentsaurrekoan argi geratu ez diren beste gai batzuei buruz; adibidez, zertan datzan “bideragarritasun politikoa gainditzea” proposamen bat kontuan har dezaten, eta nork egingo duen aukeraketa hori.

0