• eu
  • es

Irabazi Donostiak babesten du ostatuetako langileentzako hitzarmen duin bat eskatzeko aldarrikapen sindikala, eta Donostiako Udala premiatu du hori lortzeko negoziazioan inplika dadin.

Irabazi Donostia udal-taldeko (Ezker Anitza-IU, Equo eta independenteek osatutakoa) zinegotzi Amaia Martin eta Loïc Alejandrok adierazi dute beren taldeak babesten duela hainbat sindikatuk –ELA, LAB, CCOO eta UGTk-, Gipuzkoako ostatu-hitzarmen duina lortze aldera, egin duten aldarrikapen sindikala.

Martinen arabera, turismoa hiriko sektore garrantzitsuenetako bat da, eta lanpostu asko sortzen du. Irabazi Donostia udal-taldeko bozeramaileak, hala ere, emakumezko asko dituen sektorean ohikoak diren hiru gauza txar –kolokan dauden enpleguen ezaugarriak direnak- aipatu ditu: behin-behineko enpleguak, lanaldi partzialeko kontratuak eta ezkutuko ekonomia.

Kolokan dauden enpleguen harira, bozeramaileak azpimarratu du hori bukatzeko ezinbestekoa dela sektore-hitzarmen bat edukitzea, lan-baldintza duinak bermatuko dituena eta turismoak sortutako aberastasuna banatzeko tresna baliagarria izango dena.

Amaia Martinek, halaber, esan du Udalak baduela zerikusirik turismoarekin; izan ere, funts publikoak ematen ditu sektorean langileak kontratatzeko. Hori dela-eta, Udalak ostalaritzako patroiei dei egin behar die, sindikatuetako ordezkariekin akordio bat lortze aldera. Horrela, nagusiek eta sindikalistek lan-hitzarmen bat lortuko dute, lan-baldintza duinak bermatuko dituena.

Udalak sektorean duen parte-hartzeari dagokionez, Martinek gogorarazi du Donostiako Sustapena udal sozietateak guztira 160.000 euroko diru-laguntza emango duela aurten, 45 urtetik gorako langabeak ostalaritzan eta merkataritzan kontratatzea helburu. Dena den, Irabazi Donostia taldeko bozeramailearen hitzetan, diru laguntza emateko baldintzetan ez da sektoreko hitzarmena agertzen, nahiz eta hitzarmen horrek nahitaezkoa izan beharko lukeen diru-laguntza publikoa jasotzeko.

Kolokan dagoen enplegua gogora ekarriz, Irabazi Donostiako zinegotzi Loïc Alejandrok nabarmendu du Donostiako Udalak enplegu-mota hori saihesteko izan behar duen ardura. Horren harira, Alejandrok adierazi du Irabazi Donostia taldeak honako ekimenak aurkeztu dituela, besteak beste: kolokan dauden enpleguen aurka egiteko plan bat, sektoreko emakume langileak kontuan hartzen dituena; Gipuzkoako Laneko Ikuskatzailetzarekin hitzarmen bat egitea, laneko iruzurraren aurka borrokatzea xede; eta kolokan dauden enpleguak salatzeko buzoi bat sortzea. Ekimenak ekimen, Irabazi Donostiako zinegotziaren arabera, udal gobernuak (EAJ eta PSE-EEk osatutakoak), zoritxarrez, ez ditu horietako bakar bat ere babestu.

0