• eu
  • es

Irabazi Donostia oso pozik dago animalia basatiak dituzten ikuskizun ibiltariak ez baimentzeko lortutako adostasunagatik

Loïc Alejandro, Irabazi Donostia udal-taldeko zinegotzia (Ezker Anitza-IUk, Equok eta independenteek osatutako plataforma), pozik agertu da adostasun zabala lortu delako hirian baimenik eman ez dakien animalia basatiak dituzten ikuskizun ibiltariei.

Bozeramaileen Batzarrak, udal-talde ia guztien aldeko botoekin (PPk abstentzioa eman du), erakunde-adierazpena onartu du «adierazteko Udalbatza zirku ibiltarietan edo bestelako jarduera ibiltarietan animalia basatiak egotearen, erakustearen edo haiekin ikuskizunak egitearen aurka dagoela, animalien jabeen edo haiek dauzkatenen bizilekua edozein izanik ere».

Ekimen hori, hasieran, Irabazi Donostiak aurkeztu bazuen ere, udal-talde guztiek sinatu dute, PPk izan ezik, ez baitu testua bere egin nahi izan. «Talde politikoen borondate ona eskertzen dugu. Guztiek, salbuespenik gabe, sinatzea nahi genuen, baina arrakastatsutzat jotzen dugu, hala ere. Udalbatzan ordezkaritza duten sentsibilitate politiko guztien ahalik eta parte-hartze handiena lortzeko lanean eta negoziatzen jardun dugu», adierazi du Alejandrok. PPk parte hartu nahi ez izateari dagokionez, zinegotziak ez duela ulertzen adierazi du, «beste hiri eta lurralde batzuetan PP ekimen beraren sustatzaile ere izan baita».

InfoCircos plataformaren (animalia basatiak dituzten zirkuak ez baimentzeko lan egiten duen erakundea) testu batek eragin zuen ekimena aurkeztea eta, beste argudio batzuen artean, Euskal Autonomia Erkidegoko Animaliak Babesteko 6/1993 Legean oinarritzen da. Izan ere, animaliei tratu txarrak ematea edo bidegabeko sufrimenduak, kalteak eta estutasunak eragiten dizkien praktika oro debekatzen du, bai eta berezko ez dituzten edo tratu iraingarria dakarten portaerak eta jarrerak eginaraztea ere. «InfoCircos plataformarekin elkarlanean aritu gara datuak lortu eta ekimenaren idazkera orrazteko», azaldu du zinegotziak.

Udalak ez die aspalditik baimenik ematen animalia basatiak dituzten zirkuei, «baina beharrezkoa zen lortu dugun konpromiso politiko argi eta sendo hori agertzea», gaineratu du Alejandrok.

Europako 1997ko Amsterdameko Itunak animalia ornodunak sentikortasun fisikoa zein psikikoa duten izakiak direla aitortzen du, bai eta mina, sufrimendua eta estutasuna senti dezaketela ere. «Horregatik, lanean jarraitzen dugu animalienganako era guztietako sufrimendu-iturriak desagerrarazteko, animaliak babestu eta edukitzeko udal-ordenantza aztertzea hasiera hartuta», ondorioztatu zuen zinegotziak.

(Irudiko iturria: Palestra Aguascalientes)

0