• eu
  • es

Iberdrolarekin sinatutako hitzarmenari buruzko kontrol mozioa

Gipuzkoako Pobreziari eta Gizarte Bazterketari buruzko Inkestak dioenaren arabera, 2014. urtean, Donostiako biztanleetatik % 11,4 –21.000 biztanle baino gehixeago– pobrezia energetikoko egoeran aurkitzen dira. Arazo hauetakoren bat duten etxeak dira:

  • Dituzten diru sarrerekin alderatuta energian egiten duten gastua % 8,5 baino handiagoa da (alegia, Gipuzkoako etxeek duten batez besteko gastuaren bikoitza).
  • Hilabete hotzetan etxea tenperatura egokian mantentzea ezinezkoa zaiela aitortzen dute;
  • Zailtasun ekonomikoen ondorioz, atzerapenak izan dituzte uraren, gasaren, elektrizitatearen eta abarren ordainagiriak ordaintzeko.

Egoera hori kontuan izanik, azaroan kontrol mozio bat aurkeztu genuen, eta gobernuari eskatu genion gasa eta elektrizitatea merkaturatzen duten konpainietara zuzendu zedila, ordainagirien ordainketari aurre egin ezin diezaioketen familiei hornidura moztu diezaietela eragozteko.

Udalak Iberdrola enpresarekin hitzarmen bat sinatu berri du, eta horren arabera, zaurgarritasun egoeran aurkitzen diren eta Iberdrolako bezero diren donostiarrak babestu egingo dira. Hitzarmena sinatu ondoren, horniduraren mozketa beharrezkoa den denboran atzeratuko da, Udalak egiaztatu dezan egokia den ala ez eragindako pertsonaren edo familiaren zorra estaltzea eta, hala egokituz gero, laguntza hori ordaintzea.

Gure iritziz hitzarmen hau Iberdrolarekin bakarrik sinatzea diskriminatzailea da hornidura elektrikoa beste konpainia batzuekin kontratatua duten donostiarrentzat, eta guztiz ulertezina da berdintasunaren printzipioa herri administrazioen kudeaketa gidatzen duen printzipio nagusietako bat delako.

Gai hori Pertsonentzako Zerbitzuen Batzordera eraman genuenean, Gizarte Ongizateko zinegotziak erantzun zigun gure hiriaren egoera ezin dela parekatu antzeko hitzarmen bat sinatua duten beste batzuekin, Gizarte Larrialdiko Laguntzak kudeatzeko modua azkarra eta eraginkorra delako, eta horrexegatik kasu gutxi daude, eta beste konpainietatik inor ez da Udalarengana zuzendu.

Nolanahi ere, kasu gutxi egon arren, uste dugu ezin dugula itxoin energia konpainiek ekimena hartu arte, eta Udalak zuzendu behar duela haiengana, haiekin ere antzeko hitzarmen bat sinatu dadin.

KONTROL MOZIOA

  1. Donostiako Udal Batzarrak Gobernuari eskatzen dio bidezkoak diren kudeaketak egin ditzala hirian gasaren eta argindarraren hornidura eskaintzen duten konpainia guztiekin hitzarmen bat sinatzeko, Iberdrolarekin izenpetutakoaren antzeko ezaugarriekin, horien ordainketari aurre egin ezin diezaioketen familiei energia hornidura moztu diezaietela eragozteko, eta bide batez, aipatutako hornidura horiek kontratatzen dituen konpainiaren arabera inor ez dadila diskriminatu bermatzeko.

Bozketa:

IRABAZI, PP, PNV, PSE: A favor

(argazkiaren jatorria: freepik.com)

0