• eu
  • es

Hondakinentzako edukiontziak jartzeko planari buruzko kontrol mozioa

Hilabete honetako Gune Publikoen Batzordean (Obrak eta Hiri Zerbitzuak), Intxaurrondo eta Amara auzoetan hondakinak biltzeko edukiontzien banaketa berriaren ostean izaten ari diren gertakariei buruz galdetu genuen.

Hauek dira edukiontzien kokaleku aldaketak eragin dien pertsonek planteatutako gertakari eta kexa nagusiak: alde batetik, irlatxo batzuk desagertu egin direla; eta bestetik, berrietara iristeko zailtasunak dituztela, gune batzuetako orografiaren eraginez eta han bizi diren pertsonen tipologiaren eraginez, adinean aurrera doazen pertsonak eta mugikortasun arazoak dituztenak direlako batzuk.

Gure ikuspegitik, plan horrek hondakinen bilketa ahalik eta gehien errazteko balio behar luke, eta iruditzen zaigu hori ez dela posible baldin eta aldaketen eraginez bilketa posible egiten duten edukiontzietara iristea zailago baldin bada.

San Marko Mankomunitateak argitaratzen dituen datu ofizialak ikusita, agerikoa da hondakinen bilketaren kudeaketa nahiko eskasa ari dela izaten Udal Gobernuaren aldetik; izan ere, ez da murriztu sortutako hondakinen bolumena, eta ez da handitu gaikako bilketa ere, eta hori beharrezkoa da Europar Batasuneko gidalerroek planteatutako helburuak lortu ahal izateko, zehazki, Ekonomia Zirkularra deritzonari dagozkionak.

Udal taldeei emandako informazioa aztertuta eta Udal Gobernuaren azalpenak nahiz aldaketek eragindako bizilagunen kexak entzunda, gure sentsazioa da planaren helburua bilketaren kostuak murriztea dela, eta gaikako bilketa hobetzea bigarren mailan dagoela.

Gure ustez, eta aldaketak ez direnez gauzatu auzo guztietan, Intxaurrondoko eta Amarako bi esperientziek etorkizuneko akatsak zuzentzeko balio behar dute. Era berean, iruditzen zaigu aldaketen ebaluazio jarraitua egin behar dela, aldaketa horiek martxan jarri izanari esker gaikako bilketan emaitza hobeak ari direla lortzen egiaztatzeko edo beste aldaketa batzuk egin behar diren ikusteko.

Hori dela eta, honako hau aurkezten dugu:

KONTROL MOZIOA

  1. Donostiako Udalbatzak, gaikako bilketa egiteko edukiontziak aldatu behar direnean, gaikako bilketa handitzeko helburuari eman diezaiola lehentasuna eskatzen dio Udal Gobernuari.
  2. Donostiako Udalbatzak, gaikako bilketa egiteko edukiontzien kokalekua aldatu aurretik, auzo bakoitzeko orografia eta han bizi diren pertsonen tipologia kontuan har dezala eskatzen dio Udal Gobernuari.
  3. Donostiako Udalbatzak, gaikako bilketa egiteko edukiontzien kokalekua aldatzen duenean, jatorrizko kokalekuan kokaleku berria zein izango den jakinaraz dezala eskatzen dio Udal Gobernuari.
  4. Donostiako Udalbatzak sei hilabetean behin gaikako bilketaren bolumenaren bilakaerari buruzko ebaluazio bat egin dezala eskatzen dio Udal Gobernuari, eta horren arabera, proposa ditzala bolumena handitzeko beharrezkoak izan daitezkeen aldaketak.
  5. Donostiako Udalbatzak, frakzio birziklagarrien zenbait edukiontzi dagoeneko badaudenean, gaikako bilketaren irlatxorik ez dezala ken eskatzen dio Udal Gobernuari, bai eta falta diren frakzio birziklagarriak batzeko irlatxo horiei ere, guztiak egon daitezen.
0