• eu
  • es

Hiriko lan prekarietatearen aurkako borrokari buruzko kontrol mozioa

Lan prekarietatea hirian finkatu dela jakina da. Prekarietate horrek donostiarren bizitzan dituen ondorioak direla eta, premiazko neurriak hartzea beharrezkoa da alderdi publikotik herritarrentzat lan eta bizi baldintza duinak finka daitezen. Era berean, beharrezkoa da toki administrazioak tokiko ekonomiako enpresekin eta langileen ordezkariekin elkarrizketarako bideak zabaltzea, diagnosia egin ahal izateko eta horren arabera jarduteko.

Azken urteetan hirugarren sektoreak indarra hartu du hirian, turismoaren sustapenari lotuta jarduera nagusitzat; hori horrela, merkataritzak eta ostalaritzak hiriko BPGd-aren % 25 adierazten dute jada. Joan den ekaineko azken kontratazio datuen arabera, hirian sinatutako kontratuen % 25 ostalaritzan egin ziren eta horietatik % 41 aldi baterako kontratazioak izan ziren, lanaldi partzialekoak gainera, eta % 67 emakumezkoei egin ziren. Argazki horrek lan prekarioa eta feminizatua eskaintzen duen sektore motaren gehiegizko garapena erakusten du.

Turismoa lurralde jakin batean garatzen den jarduera denez, turismo eta lan jarduera garatzen den tokian bertan lan kostuak doitzen ahalegintzen da enpresaria eta horretarako soldata debaluatu eta lana areagotu egiten du.

Urtaroen araberakoa eta oso aldakorra den turismo jarduerari atxikitako lan eskaeraren aldaketa handiak direla eta, enpresariek lanerako indar oso malgua behar izaten dute eta horregatik da behin-behinekotasuna hain handia.

Soldata baxuak dituzten sektore feminizatuetako behin-behinekotasunak eta partzialtasunak, ezbehar tasaren gorakadarekin bat eginda, panorama kezkagarria erakusten dute, donostiarren zati handi bat kalteberatasun egoerara baitaramate tokiko ekonomian finkatu den prekarietatea dela eta.

Behin-behinekotasunaren errealitatearen barnean ezkutuan dago lan iruzurraren fenomenoa; prekarietate egoerak pairatzen duen beste elementu bat da. Lan iruzurrari aurre egin beharra dago hirian lana duina izatea lortu nahi bada. Hori dela eta, lan baldintzen kontrola errazteko eta areagotzeko beharrezkotzat jotzen dugu Laneko Ikuskatzailetzarekin eta eskumena duten beste organoekin hitzarmenak adostea. Prekarietatea kroniko bihurtzen ari dela ikusten dugun garai honetan premiazkoa da administrazioen artean modu bateratuan jokatzea erantzun integrala eta ahal den alor guztietatik emateko.

Udalerri mailan ere erantzun daiteke udaltzainei aldez aurretik lan baldintzak kontrolatzeko prestakuntza espezifikoa eskainita eta Laneko Ikuskatzailetzarekin koordinatuta, hiriko lantegietan lan egiten duten langileen lan baldintzei buruzko informazioa eskuratzen laguntzeko; hartara, esku-hartzeak areagotuta kontrola handiagoa izango da eta prekarietatearen aurkako borroka eraginkorragoa.

Hori guztia kontuan hartuta, honako mozio hau aurkezten dugu:

KONTROL MOZIOA

  1. Donostiako Udalbatzak Udal Gobernuari eskatzen dio hiriko lan baldintzen udal behatokia sortzeko, enpresekin eta sindikatuekin batera hirian lan duinaren alde lan prekarietatearen aurkako neurriak adosteko.
  2. Donostiako Udalbatzak Udal Gobernuari eskatzen dio udaltzaingoari laneko ikuskatzailetzaren eta lan baldintzen kontrolaren alorreko prestakuntza emateko, lan baldintzak kontrolatzeko unitate bat abian jar dadin eta laneko ikuskatzailetzarekin batera lan iruzurraren aurkako jarduerak areagotu daitezen.
0