• eu
  • es

Hiriko bisita gidatuen gaineko kontrol mozioa

Donostian beti izan da turismoa. Azkeneko urte hauetan, ikusi dugu geroz eta bisitari gehiago etortzen dela eta geroz eta jende gehiagok hartzen duela ostatu hemen. Iazko Hiri Barometroaren arabera, Turismoarekin loturiko jarduera guztia Donostiako lehen sektore ekonomikoa bihurtu da: hiriko BPGd-aren %13 izatera ailegatu da.

Zenbait estatistikak erakusten duenez, jarduera turistikoekin zerikusia duten langileek prekarietatea dute; lan kaskarra, gaizki ordaindua, oso aldi batekoa eta lanaldi partziala izatearen ondorioz.

Hiriaren eguneroko martxan, ikusten dugu geroz eta gehiago ari dela ugaritzen bisita gidatuak egitea hirian. Turismo eta kultura gidarien lanbidea administrazioaren esku hartzearekin loturik egon da, eta, beraz, halako lurralde batean jarduteko, gaikuntza bat izan behar da aurrena. Legeak aldaketa asko egin ditu, sektorea desarautzera doazenak eta langile horien prekarietatea sustatu dutenak.

Euskadiko turismo araudian, 13/2016 Legea dugu. Espazio publikoetan zerbitzuak emateko askatasuna aitortzen du hark, baina gidarien zerbitzu emateko jarduera araudi bidez zehaztu behar dela ere adierazten du. Era berean, zera dio lege horrek gune itxietarako: “Turismo-gidarien jarduera aske emateko zerbitzua da, salbu eta euskal kultura ondarea osatzen duten kategorietako baten barruko ondasuntzat katalogaturiko elementuen barruan egiten bada, bat etorriz Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeak edo lege horren ordezko araudiak ezarritakoarekin”.

Hil honetan izan dugun batzordean turismo gidarien egoeraz egin genuen interpelazioan, Donostia Turismo Miramar jauregiaren barruan egiten ari zen bisita gidatuez galdetu genuen. Erantzun ziguten profesionaltasuna ondo erakutsita duten pertsonekin ari zirela bisita horiek egiten, baina ez ziguten argitu gida turistiko izateko titulu ofiziala duten pertsonak diren edo ez.

Egiten diren bisiten ugaritzea ikusirik, garrantzitsua iruditzen zaigu hiriko kultura eta turismo bisita gidatuak erregulatzea, lan horretan jarduten duten pertsonen lan ezegonkortasuna eta kultura eta turismo gidarien sektoreko langabezia saihesteko, eta ofizialki aitortutako profesionalen zerbitzua hobetzeko.

Hori dela eta, hauxe da gure

KONTROL MOZIOA

  1. Donostiako Udalbatzak hertsatuki eskatzen dio udal gobernuari diagnostiko bat egiteko hirian egiten diren bisita gidatuena eta turismo eta kultura gida profesionala izateko egiaztagiririk gabe izan daitezkeen free tour-ak ugaritzeak zer ondorio izan dezakeen erakutsiko duena.
  2. Donostiako Udalbatzak hertsatuki eskatzen dio udal gobernuari Euskadiren kultur ondaretzat jotako tokien barruetan egiten diren bisita gidatuak kultura eta turismo gida profesionalekin egiteko, Euskadiko turismoaren gaineko 13/2016 legeak jartzen duen eran.
  3. Donostiako Udalbatzak hertsatuki eskatzen dio udal gobernuari Eusko Jaurlaritzari adierazteko erregulatu beharra dagoela hirian kultura eta turismo bisita gidatuak egiteko lehia, turismo eta kultura gidarien baldintzak erabat txartzeari aurre egin ahal izateko.
0