• eu
  • es

Hirian dauden migratzaileei eta errefuxiatuei buruzko kontrol mozioa

Euskadi joan-etorriko lurraldea da eta harrera egiten duen lurraldea ere izan behar du, baina oraingo hau ez da aparteko egoera, ez da bart gaueko kontua, urteak daramatzate gizarte mugimenduak errealitate hori iragartzen. Udan ikusi dugu Euskadira iritsi diren migratzaileen eta errefuxiatuen harira –gehienak batetik besterako bidean daudenak, Euskadi Europako beste herrialdeetara joateko bidean dagoelako–, erakundeen eta gizarte mugimendu eta erakundeen arteko koordinazioa ez dela berehalakoa izan.

Zenbait kasutan behar adina plaza edo neurri ez egoteak edo finkatutako protokolo argirik ez izateak harrera kalitatezkoa izatea oztopatu du.

Hasiera batean hiru egunerako ezarritako aldi baterako harrera neurria, ondoren bost egunera zabaldu arren, ez da nahikoa izan kasu askotan. Azken albisteek diotenez, Eusko Jaurlaritza batetik bestera doazen migratzaileen egonaldia bi astez luzatzeko aukera emango duten zentro txikiak sortzeko aukera hausnartzen ari da. Aldaketak egin diren arren, Donostiara zein Euskadira heltzen diren pertsonei erantzun integrala emateko ikuspegi globalik ez dagoela ikusi dugu.

Donostian, herritarren erantzunari eta harrera sare baten koordinazioari esker, pertsonen beharrei erantzun zaie eta horregatik da garrantzitsua hain zuzen ere Donostiako Udalak egungo egoeraren benetako diagnosia egitea gizarte taldeekin eta herritarrekin batera, gure hirira babes bila iristen diren pertsonentzat baliabide egonkorrak finkatzeko.

Irabazi Donostia taldeko kideen iritziz garrantzitsua da batetik besterako bidean dauden pertsonei nahiz gure hirian geratzea erabakitzen dutenei iritsi bezain pronto arreta integrala emateko prozeduretan aurrera egitea eta prozedura horiek hobetzea, baita herritarren sentsibilizazioa, prestakuntza eta informazioa hobetzea ere, bizikidetza bermatzeko ezinbesteko elementuak diren aldetik.

Hori horrela, erroldatu ahal izatea funtsezkoa da aitortutako eskubideetara eta dauden zerbitzuetara heltzeko baldintzak bete ahal izateko. Migratzaileek eta batetik besterako bidean dauden pertsonek, baita etxegabetasun egoeran daudenek ere, bermatuta izan behar dute oinarrizko eskubideetarako irisgarritasuna.

Hori guztia kontuan hartuta, honako mozio hau aurkezten dugu:

KONTROL MOZIOA

  1. Donostiako Udalbatzak Udal Gobernuari eskatzen dio diagnosia egiteko hirian erroldatu ahal izateari buruz, hirian dauden pertsona guztien oinarrizko eskubideak betetzen direla bermatzeko.
  2. Donostiako Udalbatzak Udal Gobernuari eskatzen dio hirian komunikazio eta prestakuntza plan bat txertatzeko, zurrumurruen aurkako programen osagarri izango dena eta herritarrak sentsibilizatuko dituena gertakari sozial berrien inguruan, migrazioari buruz hain zuzen, aukera berri baten moduan.
0