• eu
  • es

Haurtzaroaren aholku batzorde bat sortzearen aldeko kontrol mozioa

Haurren Eskubideen aldeko Konbentzioaren arabera, haurrek eskubidea dute axola zaizkien eta beren ongizatean eragiten duten gaietan zer iritzi duten askatasun osoz adierazteko (12. art.); halaber, adierazpen askatasunerako eskubidea dute (13. artikulua), bai eta pentsamendu librerako eta kontzientzia askatasunerako eskubidea ere (14. art.). Uztailaren 28ko 26/2015 Legean, Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistema aldatzekoan, adierazten denez, adin txikikoek eskubidea dute beren inguruko gizarte, kultura, arte eta aisialdiko bizitzan bete-betean parte hartzeko eta, pixkanaka, herritar aktibo izaten hasteko; horrez gain, Legean arautzen denez, adin txikikoek parte hartzeko organoak sortzea sustatu behar dute botere publikoek. Erkidegoari dagokionez, otsailaren 18ko 3/2005 Legean, Haurrak eta Nerabeak Zaintzekoan eta Babestekoan, haurrek eta nerabeek beren eskubideei buruzko informazio argia jasotzeko daukaten eskubidea aldarrikatzen da, bai eta beren banakako eta taldeko eskubideak errespetatzekoa ere; atal horretan, bereziki aipatzen da parte hartzerako eskubidea.

UNICEF erakundeak honela definitzen du parte hartzea: “norberaren bizitzari eta norbera bizi den komunitateko bizitzari eragiten dieten erabakiak partekatzen diren prozesua… Parte hartzearen bitartez, demokrazia eraikitzen da, eta demokrazien mesederako erabili behar den eredua da”. Haurren eta nerabeen ahotsa eta iritzia aintzat hartuz, talde gisa eta banako moduan errespetatzea dakar; haien iritzia entzuteak gizarteak haiekiko konpromiso bat hartzea eragiten du. Baina horretaz guztiaz gain, aurrerapen kualitatibo garrantzitsua da haur horien bizitzan, beren bizitzako oinarrizko eremuetako erabaki garrantzitsuetan parte hartzen baitute, hala nola familian, eskolan, hirian, auzoan edo bizi diren komunitatean. Erabaki horietan esku hartuz, pertsona arduratsuagoak eta helduagoak bihurtzen dira, beren bizitzarekiko gogobetetze handiagoa dute, autoestimu handiagoa, familiarekiko harreman hobea; finean, aktiboki parte hartuz, ardura eta erantzukizun handia hartzen dute, baina aldi berean, aukera dute beren bizitzaren garapenean autonomia eta kontrol handiagoz hazteko.

Maiatzean, hainbat ikaslek Eskola Agenda 21 programaren ondorioak aurkeztu zituzten Udalean; programa hori 2005etik garatzen da, ikastetxeekin eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, Cristina Enea Fundazioaren bitartez. Eskola Agenda 21 ikastetxearen iraunkortasuna eta kalitatea bermatzeko hezkuntza programa bat da; komunitatearen parte hartzea du oinarri, eta udalerriaren garapen iraunkorra lortzeko esku hartzen du, lankidetzaren bitartez. Gaiari buruzko ekarpenak oso interesgarriak izan ziren, eta eskolan gai horren inguruan zer ikuspegi duten adierazi zuten.

Pertsonen Zerbitzurako Batzordean, hirian haurren parte hartzearekin egiten diren beste programa batzuei buruzko informazioa eskatu genuen. Zenbait programaren bitartez, haurrek aktiboki hartzen dute parte Haurtxokoetan garatzen diren jarduerei buruzko erabakietan; gure iritziz, ordea, haurrek funtsezko funtzioa dute hiriaren garapenean eta bilakaeran, bertan garatzen diren gai guztietan zer ikuspegi duten azalduz, haurtzaroko oinarrizko eskubidea baita, legeak berak aitortutakoa. Horregatik, eta egiten ari diren lanarekin jarraituz, beharrezkoa ikusten dugu haurrek gero eta ahots handiagoa izatea haiei axola zaizkien eta haien ongizatean eragiten duten gaietan, Haurraren Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalean jasotzen den moduan.

Hainbat udalerritan, urte asko daramatzate haurren parte hartzerako guneak garatuz, hainbat formaturen bitartez (udal kontseiluak, haurren foroak…); izan ere, haurren parte hartzea sustatzeko adibide argia dira, eta gainera, herritarrak txikitatik prestatzen dira parte hartzezko jardueretan. Hiriaren garapenean duten parte hartzea oinarrizko tresna izango da, eta erabaki onenak hartzeko aukera emango du; horrez gain, gizarte antolaketa indartuko du, eta komunitateko kide izatearen sentimendua eta harekiko erantzukizuna sustatuko dira parte hartzearen bitartez.

Azken hilabeteetan, Bizkaiko hiriburuan Haurren eta Nerabeen Udal Kontseilua jarri dute abian.

Hori guztia dela eta, kontrol mozio hau aurkezten dugu:

KONTROL MOZIOA

  1. Udalbatzak Udal Gobernuari eskatzen dio handitu dezala haurrek hiriko gai publikoetan duten parte hartzea, eta horretarako, sor dezala haurren eta nerabeen aholku kontseilua, gizarte, kultura, arte eta aisialdiko bizitzan erabateko parte hartzea izan dezaten.
  2. Udalbatzak Udal Gobernuari eskatzen dio egin dezala Donostiako haurren eta nerabeen errealitatearen diagnosi bat, modu irekian eta haien parte hartzearekin, eta, diagnosia oinarri hartuta, gara dezala haurren parte hartzerako plan bat udalerri mailan.
  3. Udalbatzak Udal Gobernuari eskatzen dio egin ditzala beharrezkoak diren urratsak, Donostiak Haurtzaroaren Hiri Laguna izendapena lor dezan.
0