• eu
  • es

Etxebizitza turistikoei buruzko kontrol mozioa

Legealdia hasi zenetik, hiriko turismoaren egoeraren gaiarekin bueltaka gabiltza, batez ere azken urteetan izan duen goraldia dela eta. Goraldiaren ondorioz, hiriko etxe asko alokairu turistikora bideratzen ari dira, eta horrenbestez, etxeen alokairuen eta salmenten prezioak garestitzen ari dira. Horrez gain, joera horrek etxe iraunkorren eskaintza gutxitzea eragin du.

Donostia ez da horrelako arazo bati aurre egin behar izan dion lehen hiria. Badira arazo bera duten beste hiri batzuk ere, eta, hiri horietan, zenbait ekintza gauzatzen ari dira, erabilera turistikorako etxeek dituzten ondorio kaltegarriak saihesteko. Besteak beste, ekintza hauek aipa daitezke: etxeen ikuskapenak in situ, kasuan-kasuan dagokien araudia betetzen dutela egiaztatzeko, eta, betetzen ez badute, ixteko; gainezka egindako eremu izendatzea; zenbait auzotan etxe turistikoetarako lizentzia gehiago ez ematea…

Udal Gobernuak galdeketa publiko baten izapideak hasi ditu, hiriko etxe turistikoak arautuko dituen ordenantza bat izapidetzeko, baina guk ez dugu gaiaren egungo egoeraren berririk. Hilaren 19an eginiko batzordean, etxe turistikoek etxe iraunkorretan eragiten dituzten ondorio kaltegarriak arintzeko Udal Gobernuak abian jarritako neurriei buruzko zenbait galdera egin genituen.

Besteak beste, Udal Gobernuari galdetu genion ea pentsatu duen ikuskapenak in situ egiten hastea, web orrietan eskainitako etxeek indarrean den araudia betetzen duten ikusteko. Alkateak erantzun zigun etxe turistikoen legezkotasuna kontrolatzeko plantilla handitzeko asmoa duela Udal Gobernuak, bai datuak biltzeko eta aztertzeko, bai ikuskapenak in situ egiteko. Baina ez digu baliabideak handitzeari buruzko beste xehetasunik eman. Eta noski, ikuskatzaile 1 gehiago izan edo 20 ikuskatzaile gehiago izan, ez dira emaitza berak lortuko.

Legealdi honi dagokionez, 800 bat etxe turistiko gehiago daude AirBnb plataformaren (etxe turistikoak merkaturatzeko plataforma nagusia) web-orrian iragarrita; 2015ean, 695 bat etxe zeuden, eta 2017ko ekainean, 1.500 (https://is.gd/1WYsnt). Orobat, eskaintzaren ¾ legez kanpokoa dela kalkulatzen da (https: //goo. gl/SUgz5u). Batera, legealdi honetan, 128 etxe turistiko itxi dira udal Gobernuaren ekimenaren ondorioz. Hortaz, legez kanpoko etxe turistiko bat desagertzen den bakoitzean, beste 5 agertzen dira hirian.
Horrenbestez, ondorioztatu dugu etxe turistikoak kontrolatzeko ahaleginak, gutxienez, 5 aldiz biderkatu behar direla, egoerari behar bezala erantzun ahal izateko.

Era berean, galdetu genuen ea Udal Gobernuak inongo harremanik izan duen hirian etxe turistikoak sustatzen dituzten plataformekin, araudia betetzen ez dutenek merkaturatzen jarraitu ez dezaten. Erantzunaren arabera, AirBnB plataformarekin harremanetan jarri ziren, Donostian merkaturatzen dituzten etxeen zerrenda lortzeko, baina ez zuten erantzunik jaso; dena den, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin ahaleginean jarraitzen dute. Era berean, alkateak adierazi zuen eskaintza arautuko plataformekin harremanetan daudela eta haiek jarrera hobea agertu dutela.
Beraz, AirBnB plataformari gehiago eska dakioke.

Amaitzeko, tasa turistikoari dagokionez, alkateak adierazi zuen tasa hori aplikatzen hasteko uztailaren 28ko 13/2016 Legea, Turismoarena, aldatu behar dela, ezinbestean. Horri dagokionez, ezin dugu ulertu nolatan onartu zen lege hori, orain dela urtebete baina gutxiago, aukera hori kontuan hartu gabe, ikusirik Euskadiko eta, bereziki, Donostiako turismoaren gorakada dagoeneko agerikoa zela.

Horrengatik guztiarengatik, hau da gure

KONTROL MOZIOA

  1. Donostiako Udalbatzak udal Gobernuari eskatzen dio egin ditzala ikuskapenak in situ —salaketak, merkaturatze plataformen euren web orrietako datuak edo beste edozein bitarteko erabilita—, xede horretarako erabiltzen direla dakien etxe turistikoetan, indarrean dagoen hirigintza araudia betetzen dela egiaztatzeko, eta egungo araudia betetzen ez dutenak ixteko; horretarako, beraz, sail horretako baliabide pertsonalak eta materialak, gutxienez, bost aldiz biderkatu behar dira.
  2. Donostiako Udalbatzak udal Gobernuari eskatzen dio egin ditzala beharrezkoak diren kudeaketak etxe turistikoak merkaturatzen dituzten enpresekin, bi helburu hauek lortzeko:
    • Etxe bat erabilera turistikorako iragartzen dutenean, erabiltzaileei jakinaraztea zer araudi bete behar duten.
    • Etxe turistikoen iragarpenetan, iragarlearen adierazpen bat txertatzea, etxeak indarrean dagoen legedia betetzen duela aitortuz.
  3. Donostiako Udalbatzak udal Gobernuari eskatzen dio etxe turistikoen esleipenari dagokionez luzamendu bat agindu dezala, dagokion ordenantza onartu bitartean, indarreko araudiaren osatzeko, halako pisuak ugaritzea galarazteko.
  4. Hertsatuki eskatzen die Donostiako Udalbatzak Eusko Legebiltzarrari eta Gipuzkoako Batzar Nagusiei ahalik eta arinen alda ditzatela zerga arauak, horien bidez udalek tasa bat ezarri eta bildu ahal izateko turistek emandako gau bakoitzeko.