• eu
  • es

EAJk eta PSEk lan-prekarietatearen kontra borrokatzeko borondaterik ez dutela salatu du Irabazi Donostiak

Amaia Martinek eta Loïc Alejandrok, Irabazi Donostia udal-taldeko zinegotziek (Ezker Anitza-EBk, Equok eta independenteek osatutako zerrenda) salatu dutenez, EAJk eta PSEk osatutako udal-gobernuak ez du hiriko lan-prekarietatearen aurka borrokatzeko inolako borondaterik, eta egiazki, diru publikoaren bidez lan-prekarietatea sustatzen ari dela, diru-laguntzen bitartez edo zuzenean eman beharko lituzkeen zerbitzu publikoak azpikontratatuz.

Martinek jakinarazi duenez, «udal-gobernuak hiriko lan-prekarietateari aurre egiteko erabateko ezintasuna duela ikusita», bere udal-taldeak, datorren osteguneko udalbatzarrera hainbat ekimen eramango ditu, «EAJren eta PSEren gobernuak hirian sortzen den lana kalitatezkoa izateko esku har dezan».

Ildo horretan, Irabazi Donostiako eledunak gogorarazi du (Lanbideren datuen arabera) abuztuaren bukaeran 128 lanpostu gutxiago zeudela (48 gizon-80 emakume) eta zerbitzuen sektorean 102 gutxiago; horrek esan nahi du abuztuaren 30ean 3.428 gizon eta 4.444 emakume langabezian zeudela.

Era berean, Alejandrok azpimarratu du hiria zerbitzu-hiri gisa finkatuta dagoela (BPGaren % 24,1 da). Esparru horretan, ostalaritza eta merkataritza nabarmentzen dira, «behin-behinekotasun handiko bi sektore, eta kasu askotan, baita prekarietate handikoak ere». Hala ere, Alejandrok gogorarazi duenez, «Udalak bi sektoreak sustatzen ditu, diru-laguntzen edo bestelako laguntzen bitartez, baina sektore horietako lanaren kalitateari ezikusiarena egiten dio; hori ondo dakite sektore horietan lan egiten dutenek».

Irabazi Donostiako zinegotziaren arabera, bere taldeak legegintzaldiaren hasieratik egin dizkio lan-prekarietatearen kontra borrokatzeko proposamenak udal-gobernuari, baina «horiek guztiak baztertu egin ditu sistematikoki, aztertu ere egin gabe», deitoratu du.

Horregatik, Martinek iragarri du hilabete honetako udalbatzarrera zenbait ekimen eramango dituztela bertan eztabaidatzeko. Horietako baten helburua honakoa da: udal-gobernuak formula bat bilatzea, udaltzaingoak Lan Ikuskaritzari lan-iruzurraren kontra egiten lagundu diezaion. «Borondate politiko kontua dela uste dugu, ez baita justua pertsona batzuek 12-14 orduz lan egitea lanaldi erdiko kontratu eta kotizazioekin, hau da, 4 ordukoekin». Era berean, Irabazi Donostiak hiriko lan-baldintzei buruzko udal-behatoki bat sortzeko eskatuko du, enpresariekin eta sindikatuekin batera osatua, lan duinaren aldeko neurriak adosteko.

Irabazi Donostiak udalbatzarrera eramango duen beste ekimenetako bat bus turistikoko langileen lan-baldintzak urratzeari buruzkoa da. «Gobernuak kontratuko baldintzen plegua betetzen dela zaindu beharko luke; halakorik egiten ez duela ematen duenez, sinatzen duena betetzeko eskatuko diogu». Halaber, Donostia Turismoa udal-sozietatearen bidez «zerbitzu hori zuzenean ematea aztertzeko eskatzen dugu», erantsi du Martinek.

Era berean, hirian gero eta ugariagoak diren bisita gidatuak kultura- eta turismo-gidarien sektoreko profesionalen bidez egiten diren egiaztatzeko eskatuko dio Irabazi Donostiak udal-gobernuari, bi helbururekin: prekarietatea saihestea eta zerbitzu horien kalitatea bermatzea. Gainera, prentsan Miramar jauregiaren bisitei buruz agertu diren informazioak aipatuz, Martinek gogorarazi du Euskadiko Turismo Legearen arabera kultura-ondare gisa katalogatutako tokien barruko bisitak sektoreko profesionalen bidez egin behar direla.

Horrez gain, Martinek eta Alejandrok udal-zentro batzuetako etxeko laguntza-zerbitzuko langileek eta garbiketako langileek –«biak ala biak Udalak azpikontratatuek»– dituzten lan-gatazkak gogorarazi dituzte, eta udal-gobernuari «beste alde batera ez begiratzeko» eskatu diote, eta «langile horiek lan-baldintza duinak izan ditzaten inplikatu dadila».

Azkenik, Irabazi Donostiako zinegotziek azpimarratu dutenez, «udal-gobernuak aitzakia merkeak jartzeari uzten badio», lan-prekarietatearen kontra borrokatzeko eta Donostiako herritarren bizitza hobetzeko neurri asko jar ditzake martxan. Zoritxarrez, «EAJ eta PSE oso lanpetuta ikusten ditugu turismoaren sektorea ia esklusiboki sustatzen, kalitatezko lanpostuak eskaintzeko eta lan-eskubideak bermatzeko eskatu gabe, eta ezer gutxi arduratzen direla herritarren kezka nagusiari erantzuten: bizitza duina bermatuko dien lan bat izatea», esan dute bukaeran.

0