• eu
  • es

EAJ-PSE gobernuak txalet bakarren eraisketa saihesteko konpromiso falta duela salatu du Irabazi Donostiak

Loïc Alejandrok, Irabazi Donostia udal-taldeko zinegotziak (Ezker Anitza-EBk, Equok eta independenteek osatutako zerrenda) salatu duenez, EAJk eta PSEk osatutako udal-gobernuak ez du txalet bakarren eraisketa saihesteko konpromiso nahikorik adierazten.

Ekainean, Donostiako osoko bilkurak, tokiko gobernuaren aldeko botoekin, Irabazi Donostiak aurkeztutako mozio baten lehen puntua onartu zuen: «Hiri Ondare Eraikia Babesteko Plan Berezia (HOEBPB) berrikusteko lanak bukatu arte, Donostiako Udaleko Udalbatzak udal-gobernuari eskatzen dio erabil ditzala bere esku dituen legezko baliabide guztiak, baldin eta horrek Udalari kalterik ez badakarkio, txalet, baserri, gotorleku eta industria-ondareari buruzko 4 txostenetan eta HOEBPB aldatzeko jaso diren alegazioetan azaltzen diren eraikinak edo eraikin zatiak eraits ez daitezen.»

«Baina Eugenia Enea bota dutela jakin berri dugu, Jaialai 4.ean kokatua eta Ramón Cortazarrek egina», adierazi du zinegotziak. Txalet hori DONOSTIAKO TXALETEN INBENTARIOAN agertzen da; hau da, udal-gobernuak berak, HOEBPBaren berrikuspenaren esparruan, berrikuspen hori egiteko lan-oinarri bat edukitzeko enkargatu zuen azterketan.

Alejandrok esan duenez, «deigarria da azterketa horretan identifikatutako txaletak ez eraisteko irtenbide bat bilatzeko beharra dagoela onartu eta hilabetera gobernuak Eugenia Enea botatzen uztea». «Eta hori gutxi balitz, horren ordez beste hotel bat eraikitzea planteatu da».

EAJk eta PSEk ondarearen babesarekin duten konpromisoa «itxurakeria» dela salatu du Irabazi Donostiako zinegotziak; «esaten dutena eta egiten dutena ez datoz bat eta ez dute azalpenik ematen».

Alejandrok nabarmendu duenez, Irabazi Donostiak «ahal duen guztia egingo du gobernuak txalet bakarren eraisketa saihesteko konpromisoa bete dezan, baita hiriko hirigintza-ondarea babesteko ere».

0