• eu
  • es

Bizitegi zonetako bizitegi erabileraz bestelako erabileren ehunekoari buruzko kontrol mozioa

A.10 Hirigune historikoko bizitegiko zona (11.4. art. 49. P.), A.20 Zabalguneko bizitegiko zona (12.4. art. 52. P.), A.30 Eraikuntza irekiko bizitegiko zona (13.4. art. 56. P.) eta A.40 Garapen txikiko bizitegiko zona (14.4. art. 59.P.) bizitegi erabilerako zona horietarako honela dio Plan Orokorrak: “zonaldean bizitegiko baimendutako askotariko irabazizko erabileretara bideratutako sestra gaineko eraikigarritasunaren gehieneko ehunekoa bertako sestra gaineko guztizko hirigintza eraikigarritasunaren % 40aren parekoa izango da” (hirigune historikoari buruzko testuak ez du “irabazizko” terminoa jasotzen).

Hirian “bertako izaerari erreparatuz, bizitegi erabilerako lursailak nagusiki etxebizitza erabilerarako bideratuko direla” bermatzeko ezarrita dago muga hori (Plan Orokorreko arau orokorretako 59.1.A. art.).

Plan Orokorrean hitzez hitz jasota dagoen moduan, bizitegi erabileraz bestelako erabileren ehunekoa kalkulatzeko eta kontrolatzeko “zonalde osoa” hartu behar genuke erreferentzia geografikotzat. Hau da, A.10 edo A.20 edo A.30 edo A.40 osorik. Adibide modura har dezagun A.20 Zabalguneko bizitegiko zona globala: oso handia da, etena eta askotarikoa; erdialdean, Amaran, Grosen, Intxaurrondon eta Antiguan dauden guneak jasotzen baititu. Zera gertatzen da, % 40ko muga horren aplikazioa egokia izan dadin zona globalak erreferentzia geografiko handiegiak direla.

Gobernuak erreferentzia geografikotzat hirigintza esparruak baliatzen dituela (eta ez zona globalak) baieztatu ziguten batzordean eta, oro har, egoki iruditzen zaigu. Horrek ez du kentzen % 40ko mugaren idazketak, Plan Orokorrean, zalantzarik gabe adierazi behar duela erreferentzia geografikoak, gutxienez, hirigintza esparrua izan behar duela. Hala egin ezean, bizitegi erabileraz bestelako erabilera bat esparru jakin batean baimendutako % 40 gainditzeagatik ukatzerakoan, gerta liteke udalak errekurtso bati aurre egin behar izatea, % 40 hori kalkulatzeko erreferentzia zona globala (hirigintzako hainbat esparruz osatua) dela argudiatuz eta ez hirigintza esparrua.

Are gehiago, 2017ko otsailean etxebizitza turistikoei buruzko hirigintzako txosten bat aurkezteko egindako bilera batean aipatu legez, zenbait esparru handiegiak dira ehunekoaren kalkulua egoki egiteko. Horren adibide da CE.04 esparrua, Pasealeku Berritik Mundaizko zubiraino doana. Hori horrela, komenigarria litzateke aztertzea ea zenbait esparrutan erreferentzia geografikoak hirigintza esparrua baino txikiagoa izan behar ote duen.

Horrez gain, bizitegi zonetako esparru bakoitzean bizitegi erabileraz bestelako erabileren ehunekoari buruzko datuak eskatu genituen batzordean. Gobernuak erantzun zuen, lehen begiratuan, esparru batean ere ez dela % 40ko muga gainditzen, baina eskatutako datuak ez direla existitzen adierazi zuen. Funtsezko informazioa dela jotzen dugu, bai udalbatzarentzat bai herritarrentzat, Plan Orokorrari jarraikiz “bizitegi erabilerako lursailak etxebizitzako erabilerara bideratzen direla nagusiki” bermatzeko.

Era berean, batzordean aipatu zen aldea dagoela udalak duen informazioaren eta benetan kalean eta atarietan dagoenaren artean bizitegi zona globaletako bizitegi erabileraz bestelako erabilerei dagokionez. Batzordean galdetu genuen ea zenbatean kalkulatzen den errore marjina, baina gobernuak ezin izan zion galdera horri erantzun, adierazi zuenez zehaztea zaila delako eta oraindik aztertu ez delako.

Azkenik, batzordean galdetu genuen ea nola sortu zen bizitegi zonetan bizitegi erabileraz bestelako erabileretarako muga % 40 izatea. Zergatik 40 eta ez 30 edo 49? Plan Orokorrean ez dago zifra horren azalpenik. Batzordean azaldu zutenaren arabera, muga hori egungoaz bestelako testuinguru batean sortu zen, etxebizitzaren gaineko halako presiorik ez zegoen garaian eta, beraz, erabilera nagusia bizitegiarena izatea bermatzeko mugak % 50etik beherakoa izan behar zuen. Azalpen horiez haratago ez dakigu zergatik aukeratu zen garai hartan % 40ko zifra eta horri buruzko hausnarketa egitea komenigarria litzatekeela uste dugu.

Hori guztia kontuan hartuta, honako mozio hau aurkezten dugu:

KONTROL MOZIOA

  1. Donostiako Udalbatzak Udal Gobernuari eskatzen dio Plan Orokorraren idazketa aldatzeko, argi eta garbi gera dadin bizitegi erabileraz bestelako erabileretara bideratutako sestra gaineko hirigintzako gehieneko eraikigarritasunaren ehunekoa, besterik adierazi ezean, hirigintza esparruetara aplikatuko dela eta ez zona globaletara.
  2. Donostiako Udalbatzak Udal Gobernuari eskatzen dio esparrua bera baino txikiagoak diren guneei bizitegi erabileraz bestelako erabileren gehieneko ehunekoa aplikatzea komenigarriagoa litzatekeen hirigintza esparruak (bizitegi zonetan) identifikatzeko eta udalbatzako taldeei horri buruzko proposamena eztabaidagai jartzeko.
  3. Donostiako Udalbatzak Udal Gobernuari eskatzen dio aldian behin bizitegiko hirigintza esparru bakoitzerako bizitegi erabileraz bestelako erabileretara bideratutako sestra gaineko hirigintzako eraikigarritasunaren ehunekoa kalkulatzeko eta argitaratzeko, 4 hilabeteko epean hasita.
  4. Donostiako Udalbatzak Udal Gobernuari eskatzen dio identifikatzeko eta zuzentzeko udalak duen informazioaren eta kalean eta atarietan benetan dagoen informazioaren arteko aldeak, bizitegi esparruetan bizitegi erabileraz bestelako erabilerei dagokionez.
  5. Donostiako Udalbatzak Udal Gobernuari eskatzen dio azterketa bat egiteko bizitegi zona globaletan bizitegi erabileraz bestelako erabileretara bideratutako sestra gaineko hirigintza eraikigarritasunaren gehieneko muga % 40 (edo, kasuan kasu, beste zifra bat) izatea eta erabiltzea argudiatzeko.
0