• eu
  • es

Bizikletaren erabilera sustatzeari buruzko kontrol mozioa

Bizikleten erabilera handitu egin da hirian azken hamarkadan. Agerikoa eta positiboa da hori. Erabilera handitzearekin batera, aparkaleku premia ere handitu egin da.

Korapilatsua da bizikleten aparkalekuen kudeaketa, aparkaleku publiko berean erabilera ezberdinak dituzten bizikletak egon baitaitezke: egunero erabiltzen direnak, noizean behin erabiltzen direnak eta abandonatutakoak. Bizikleta garraiobide bezala erabiltzea sustatzea da helburua, eta helburu hori lortzeko, hiru arlotan esku hartu behar dugu:

  1. herritarrek bizikletak aparkatzeko tokiak aurkitu ahal izatea helmugan,
  2. herritarrak bizikletan segurtasunez eta eroso ibili ahal izatea,
  3. herritarrek bizikletak aparkatu ahal izateko espazio babestu eta seguruak izatea jatorrian.

Lehen puntuari dagokionez, Gobernuak batzordean (eta komunikabideetan) azaldu zuen bizikletentzako ordukako aparkalekuen ideia ari direla lantzen helmugarako, aparkatze denbora kontrolatu eta bizikleten txandaketa bermatuko duen aplikazio baten bidez. Ez genuen proiektuari buruzko xehetasun gehiago izan, baina uste dugu Bartzelonako metropoli eremuan jarritako aparkaleku babestu eta seguruen “Bicibox” (https://www.bicibox.cat) sarearen moduko sistema bati buruz ari dela. Erabiltzaileen eta haien bizikleten aurretiazko erregistro baten bidez funtzionatzen du zerbitzu horrek. Erregistratutakoan, bizikleta bat doan aparka daiteke sareko edozein aparkalekutan, eta ordu jakin batzuetako muga dago jarraian aparkatu ahal izateko.

Ez dugu Gobernuak aplikatu asmo duenari buruzko nahikoa informazio. Hori dela eta, beharrezkoa da Gobernuak bere proposamena zehaztea eta lehenbailehen eztabaidatzea Mugikortasuneko Aholkularitza Kontseiluan.

Bigarren puntuari dagokionez, Gobernuak komentatu zuen bi zati problematikotan ari direla lanean: Kursaal inguruan dago horietako bat; eta bestea, berriz, Kontxako bidegorriko parte da. Bidegorrietako esku-hartzeari buruz, iruditzen zaigu beharrezkoa dela proiektuen eta aurreikuspenen berri ematea Mugikortasuneko Aholkularitza Kontseiluan.

Azken puntuari dagokionez, uste dugu Gobernuak zerbait gehiago egin dezakeela eta egin behar duela. Gobernu programan, 38. orrian, EAJk eta PSE-EEk iragarri zuten saiatuko zirela “bizikleta pribatuen erabilera sustatzen, bizikletak aparkatzeko toki babestuak eskainiz lur azpiko aparkalekuetan nahiz bide publikoan”. Zoritxarrez, legegintzaldi honetan orain arte garatutako halako proiektuak esku baten erdiarekin zenbatu daitezke. Batzordean, Gobernuak erantzun zuen autobus geltokiko bizikleten aparkalekuak ez duela espero adinako okupazio tasa. Zenbait faktoreren ondorio izan daiteke hori, esate baterako, prezioaren edo bizikleta 6 egun baino gehiagoan uzteko ezintasunaren ondorio. Iruditzen zaigu beharrezkoa dela aparkalekuen (jatorrian) proba pilotu gehiago egitea lur azpiko aparkalekuetan eta modalitate ezberdinak eskainiz (esate baterako, denbora mugarik gabe).

Bestalde, iruditzen zaigu beharrezkoa dela beste mota batzuetako aparkalekuak aztertzea jatorrirako, malguagoak eta etxebizitzetatik gertuago daudenak. Bruselako eskualdean, “cycloparkings” edo “boxes à vélo” (https://www.cycloparking.org/fr/faq.html) izeneko sarea garatu dute, bizikleta kalea ez den beste toki batean gordetzeko baliabiderik ez duten pertsonei zuzenduta. Kaxa sinpleak eta txikiak dira (autoentzako aparkaleku plaza batean bi sartzen dira), eta bakoitzean bost bizikleta handi gorde daitezke. Sarbidea txartel magnetiko baten bidez kontrolatzen da (https://vimeo.com/222837193). Bruselako eskualdean, urtean 60 euroko kostua du zerbitzuak erabiltzaileentzat, denbora mugarik gabe. Auto baten batez besteko okupazio tasa 1,2 pertsonakoa da, eta auto baten plazan bi “cycloparkings” jarrita, 1,2 pertsonari beharrean 10 pertsonari ematen zaie zerbitzua.

Hori dela eta, honako hau aurkezten dugu:

KONTROL MOZIOA

  1. Donostiako Udalbatzak Mugikortasuneko Aholkularitza Kontseiluaren saio batera dei egiteko eskatzen dio Udal Gobernuari, bizikletak aparkatzeko ordutegi mugari buruz eta bidegorrietan egin asmo dituen esku-hartzeei buruz dituen proiektu eta aurreikuspenak eztabaidatzeko.
  2. Donostiako Udalbatzak lur azpiko aparkaleku publikoetan bizikleten aparkalekuei lotutako proba pilotuak martxan jar ditzala eskatzen dio Udal Gobernuari.
  3. Donostiako Udalbatzak Bruselako eskualdeko “cycloparkings” ereduan oinarritutako bizikletentzako lur gaineko aparkalekuen proposamen bat egin dezala eskatzen dio Udal Gobernuari.
0