• eu
  • es

“Baietzik gabe ezetza da!” kanpainari buruzko kontrol mozioa

Aurtengo Donostiako Aste Nagusiaren ostean, indarkeria matxistari buruz azterketa kezkagarria egin ondoren, beharrezkoa da balorazio bat egitea emakumeok sufritzen dugun gizarte honetako gaitz horri aurre egingo dioten neurriak planteatu ahal izateko.

Emakumeok pairatzen dugun eta gure bizitzako alor guztietan ematen den egiturazko desberdinkeria jai giroan ere gertatzen da zoritxarrez. Azken Aste Nagusian zazpi emakumek eraso sexualak jasan zituzten hirian eta horien artean sei adingabeak ziren.

Azterketa gogor horren ostean udalak, herritarrek eta elkarte mugimenduek hausnarketa egin behar dute eta garrantzitsua da nerabeengandik informazioa jasotzea eta indarkeria matxistari eta heziketari buruz haiek duten ikuspegia jasotzea. Aste Nagusia amaitu eta handik gutxira, lau nerabe elkarrizketatu zituen tokiko komunikabide batek eta elkarrizketa hartan zalantzan jartzen zuten sentsibilizazio kanpainak gazteengana heltzea, erabilitako komunikazio kanalak eztabaidan jarriz. Horrez gain, jaietako puntu moreei buruzko informazio falta ere azpimarratu zuten.

Batzordean garrantzi handia duen gai horri buruz galdetu genuen eta jakin ahal izan genuen programa eta kanpaina espezifikoak egin egiten direla, baina badirudi komunikazio kanalek horiek hedatzea eta ezagutaraztea oztopatzen dutela. Gertakari horren aurrean, beharrezkoa da programak eta kanpainak eraginkorragoak izateko neurriak planteatzea eta indarkeria matxistaren aurkako borrokan aurrera egitea lortzea; izan ere, aurrez aipatu dugun moduan, azken jaietako datuek baterako hausnarketa egitera eraman behar gaituzte, indarkeria matxistari amaiera emateko neurriak jarri ahal izateko.

Hori guztia kontuan hartuta, honako mozio hau aurkezten dugu:

KONTROL MOZIOA

  1. Donostiako Udalbatzak Udal Gobernuari eskatzen dio sare sozialetan indarkeria matxistaren aurkako kanpainak zabaltzeko nerabeei eta gazteei bideratuta.
0