• eu
  • es

Atotxa Errekako garapenari buruzko kontrol mozioa

Udal gobernuak izapideak hasi ditu Atotxa Errekako eremuan “Zoruaren Udal Ondareari atxikitako” 16 lursail besterentzeko. Gure taldearen iritziz Atotxa Errekako garapena eten egin behar litzateke hainbat arrazoi direla medio:

  • Babestutako etxebizitzen eskaera handiari irtenbiderik eman gabe udal lurzorua kontsumitzen duelako.
  • Sestra gainean legez gutxienekoa dena baino txikiagoa den eraikigarritasuna duelako eta Eusko Jaurlaritzaren baimenik ez duelako, ez eta Lurraldearen Antolamendurako Batzordearen aldeko txostenik ere.
  • Generoaren araberako eraginaren ebaluaziorik ez duelako.
  • Klima 2050 Ekintza Planeko zehaztapenen aurka dagoen garapena delako.
  • Sektorean eskainiko diren azpiegituren eta zerbitzuen ondorio ekonomikoak zein izango diren ez dakigulako.
  • Dentsitate txikiko garapen eredua delako, Donostialdea-Bidasoa Behereko Lurralde Plan Partzialeko zehaztapenen kontrakoa.

Atotxa Errekako garapenak zorua kontsumitzen du etxebizitza babestuen eskaera handiari irtenbiderik eman gabe. Etxebizitzaren Udal Planak etxebizitza babestuen eskaera gero eta handiagoa dela azpimarratzen du. Eskaera horren aurrean, Plan Orokorrak etxebizitza babestuen zati handiena kokatzen duen eremuetan (Auditz Akular, Antondegi eta Aldatxeta) ez dela garapenik egingo dio Planak.

Desoreka horrek Plan Orokorra berrikustea eskatzen du eskaera horiei erantzuteko aukerak zehaztuko badira. Beharrezkoa eta premiazkoa den berrikusketa horretan kontuan hartu beharreko lehen neurria, zalantzarik gabe, etxebizitza babestuen aurreikuspena nabarmen areagotzea izan behar du, oraindik egikaritu gabeko edo guztiz egikaritu gabeko hirigintza esparruetan, hala nola Atotxa Errekan; oraingoz 320 etxebizitza daude aurrez ikusita bertan, libreak horiek guztiak.

Atotxa Errekak sestra gainean legez gutxienekoa dena baino eraikigarritasun txikiagoa du. Lursail horren plan partziala 2004. urtean onetsi zenetik denbora igaro den arren, ia ez da egikaritu eraikuntzari dagokionez. 407.614 m²-ko azalera du (ideia bat egiteko, Loiolako Erriberako azalerak 281.948 m² ditu) eta 0,1587 m² (t) / m²-ko eraikigarritasuna sestra gainean, 2006. urteaz geroztik Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko Legeak ezarritako gutxienekoa baino askoz ere txikiagoa (0,4 m² (t) / m²).

Esparruaren eraikigarritasuna argi eta garbi legez ezarritako gutxienekoa baino txikiagoa den arren, 2010eko Plan Orokorreko espedientean ez dira ageri ez Lurraldearen Antolamendurako Batzordearen aldeko txostena, ez Eusko Jaurlaritzaren baimena, nahiz eta horiek diren gutxienekoaren azpitik dagoen eraikigarritasun egoera baliozkotzeko Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legeak 77. artikuluan xedatutako baldintzak.

Aintzat hartu behar da Lurzoruari buruzko Legearen bigarren xedapen iragankorrari jarraiki esparruaren eraikigarritasuna, 1995eko Plan Orokorrean ezarritakoa, legezko gutxienekora egokitu beharra zegoela zortzi urteren buruan: “Nolanahi ere, plan orokor eta arau subsidiario guztiak lege honen xedapenetara egokitu beharko dira, gehienez ere zortzi urteko epean behin betiko onartuta”. Hain zuzen, 2010ean onartutako Plan Orokorraren berrikusketan egin behar zen egokitzapena, aipatutako xedapen iragankorraren arabera: “Legea indarrean sartzean hasierako onespenik ez duen plan orokorren eta arau subsidiarioen lehen berrikusketa lege horretan xedatutakoari lotuko zaio”. Aipatzekoa da 2010. urtean, berrikusitako Plan Orokorra onetsi zen urtean, Plan Partziala egikaritzeko epea beteta zegoela eraikitzeko lizentzia gehienak eskatu ere egin gabe.

Generoaren araberako eraginaren ebaluaziorik ez dago Atotxa Errekarako. Donostiako Plan Orokorrak, eta ondorioz Atotxa Errekako planifikazioak, Atlético futbol taldearen zelaiari eragiten dion Madrilgo Plan Orokorraren Aldaketa baliogabetzea (Madrilgo JAN-k) ekarri duen akatsetako bat dute: generoaren araberako eraginaren ebaluaziorik ez izatea. Antolamenduaren kalitatea zalantzan jartzeaz gain, gabezia horrek plana baliogabetzea eragin dezake, Madrilen gertatu den legez.

Atotxa Errekako garapena udalak dituen iraunkortasun irizpideen aurka dago. Udal gobernuak Klima 2050 Ekintza Plana onetsi zuen joan den ekainean eta “irizpide klimatikoak eta iraunkorrak dituen hirigintza garatzeko” xedearekin ekintza hauek finkatu ditu besteak beste: “1. Hiri Antolamenduko Plan Orokorra berrikustea irizpide klimatikoekin. … 3. Onartutako proiektuak eta plangintza bereziak edo garapenekoak berrikustea, iraunkortasun eta klima irizpideak sartzeko, bai eta lurraldearen artifizializazioa saihesteko eta ekonomiaren zirkulartasuna sartzeko ere”.

Goragoko mailako arauekin bateraezina den garapena proposatzen du Atotxa Errekak. 2016ko uztaileko Donostialdea-Bidasoa Behereko Lurralde Plan Partzialak honela dio “7. artikuluan – Lurralde antolamenduaren helburuak”: hirigintzako garapen berriak “garraio publikoaren sareak jaso beharko ditu nahitaez” (2008-2024ko Donostiako Hiri Mugikortasun Iraunkorrerako Planean ere jasota dago hori) eta ezabatu egin behar direla “Lurralde Plan Partzialaren Antolamendu eredutik dentsitate txikiko garapen berrien aurreikuspenak”. Eraikuntzaren ikuspegitik, Atotxa Errekako Plan Partzialaren egikaritzea ozta-ozta hasi denez, plana berrikusi egin behar litzateke.

Laburbilduz, Atotxa Errekako plangintzaren arazoa argi azalduta dago udal arkitektoaren txostenean (2004ko apirilaren 23koa) eta bertan adierazita dago Plan Orokorraren egikaritzeari buruzko diagnosia ere:

“Planteamendu horrek kritika jaso du ‘Plan Orokorreko bizitegi garapenen eta jarduera ekonomikoen egikaritze prozesuei buruzko diagnosiaren dokumentuan…’. Hau da Atotxa Errekak merezi duen kontsiderazio literala: ‘… baldintza orokorretan aintzat hartuta eta bereziki lurraldean dituen eraginen ikuspegitik, duen okupazioa ikusita, beharrezkoak diren azpiegituren eta proposatutako dentsitatearen arteko desoreka erresultantea dela medio, garraio pribatuaren sustapena eta mendekotasuna eta abar ikusita, zoritxarreko garapen baten adibiderik argiena da segur aski eta aldi berean sostengaezina, lurzoruaren zein azpiegituren eralgitzea baitakar’.

Hau da, udaleko bertako zerbitzuek egindako txostenen arabera, indarrean dagoen legedian eta udal planetan aldeztutako hiri trinko, ekologista, feminista, bateratu… baten ordez, udal gobernuak barreiatutako hiria bultzatzen du hemen, generoaren araberako irizpiderik gabea, urria den ondasuna, hots, lurzorua, eralgitzen duena, automobilaren erabilera sustatzen duena eta ekonomikoki sostengaezina dena.

Hori guztia kontuan hartuta, honako mozio hau aurkezten dugu:

KONTROL MOZIOA

  1. Donostiako Udalbatzak Udal Gobernuari eskatzen dio Atotxa Errekako garapena bertan behera uzteko Plan Orokorraren hurrengo berrikusketan behin betiko garapena zehaztu arte.
  2. Donostiako Udalbatzak Udal Gobernuari eskatzen dio Tokiko Gobernuko Batzarraren 2018ko uztailaren 3ko akordioak, “Atotxa Errekan hainbat lursail besterentzeko lehiaketa”, aipatzen dituen 16 lursailen besterentze prozedura eteteko.
  3. Donostiako Udalbatzak Udal Gobernuari eskatzen dio egun Atotxa Errekan aurrez ikusitako garapenaren iraunkortasun ekonomikoari buruzko azterketa egiteko.
0